Altuna III.ak eta Zabaletak irabazi dute Codere Txapelketa

Ataria 2019ko urriaren 7a

Argazkia: 'baikopilota.eus'

Iruñeko Nafarroa Arenan jokatu zen finala atzo. 22-19ko emaitzarekin irabazi zuen amezketarrak txapelketaren hirugarren edizioa.

Faboritoak Irribarria eta Rezusta ziren, partida hasieran. Lehen tantoa Jokin Altunarena izan baldin bazen ere, 6-1 jarri ziren aurretik Irribarria eta Rezusta. Bergarako atzelaria San Mateotako finalean bezala ari zen jokatzen, pilota guztiak gozatuz eta nagusitasun handia erakutsiz. Amezketarra, ordea, ez zegoen berriro partida galdu eta etxera "gustura" joateko gogoarekin. Lehen erreakzioaren ondoren, lehen atsedenaldira 12-8ko emaitzarekin joan ziren. Partida erabat gogortu zen eta lau pilotariek bere maila erakutsi zuten. Berdinketa bigarren atsedenaldiaren ondoren etorri zen, 18na. Urriaren 14an lau eta erdikoan jokatzen duen Altuna III.ak sustoa eman zuen, orduan, paretaren aurka kolpea hartuz. Hala eta guztiz ere jarraitzeko moduan izan zen amezketarra. Azkenean, 22-19 nagusitu zen Altuna III-Zabaleta bikotea. Eskualdeko pilotariak 11 tanto egin zituen, lau kalerekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!