EH Bilduko Iñaki Amundarainek erraz lortu du alkatetzari eustea

Ataria 2019ko mai. 27a, 09:27

EH Bilduk 351 boto lortu ditu, eta Ainhoa Zuriarrainen Amezketa Etorkizun taldeak, 167. Hirugarren agintaldia beteko du Amundarainek, eta bost zinegotzi izango dituzte.

EH Bildu alderdiko Iñaki Amundarainek hirugarren aldiz irabazi ditu udal hauteskundeak. 351 boto eskuratuta, bost zinegotzi izango dituzte. Aldiz, bi zinegotzi eskuratu ditu Ainhoa Zuriarrainen Amezketa Etorkizun taldeak, 167 botorekin.

Amezketarren %75,75ak bozkatu du, hau da, 534 izan dira kultur etxera bozka ematera joan direnak. EH Bilduk gora egin du, duela lau urte baino 43 boto gehiago eskuratuz.

Emaitzak jakin bezain pronto «oso gustura» agertu da Iñaki Amundarain: «Esperantza banuen, baina baita urduritasuna ere. Jendeari eskerrak ematea baino ez zaigu geratzen». Nahiz eta hirugarren agintaldiari aurre egin beharko dion, lanerako gogoz dagoela esan du: «Asko ikasten da, eta ez daukat damurik. Lanerako gogoz eta ilusio handiarekin nago. Talde berria da, eta guztiak lanerako gogoz daude, eta horrelakoetan ez dago ezetz esaterik».

Ainhoa Zuriarrain Amezketa Etorkizun taldeko hautagaiak ere eskerrak eman nahi izan dizkie beraiengan konfiantza agertu duten herritar guztiei. Bi zinegotzirekin lanerako prest agertu da: «Saiakera egin dugu, eta uste dut programa polita prestatu dugula».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!