Aldaketa horretan lehena berdintasun alorrean eman nahi du Amezketa Etorkizunek: "Herrian lehen aldiz alkatea emakumea izateko proposamena egin dugu, berdintasuna bultzatuz". "Herriaren etorkizuna bermatzeko gazteentzako etxebizitzak eta industria sustatuko dituela", nabarmendu du Ainhoa Zuriarrain buru duen taldeak. "Herriko gazteak Amezketan geratzea da helburua, gazteak direlako herriaren etorkizuna".
Amezketan ordezkaritza duten edo izan dezaketen sektore guztien berrikuntza eta sustapen ekonomikoa bultzatzeko egitasmoak ere landuko dituztela azpimarratu zuten: industria, egurgintza, eraikuntza, elikagaien alorra...
Eta bost proiektu "garrantzitsu" ere zerrendatu zituzten: eskolak; baserriak; Larrondo eta Aralar; gizarte laguntzak eta Ugarte auzoa.
Eskolari dagokionean, "egungo kokapena sendotuko da, eskola ondoan dauden bi lursailak erosi eta aparkalekuak sortzeko". Baserrien kasuan: "Herri erdigunetik baserrietara doazen bideak konponduko dira irisgarritasuna bermatzeko. Horrez gain, baserrietan bi etxebizitza baino gehiago izateko aukera emango da".
Larrondo eta Aralar mendiei erreferentzia eginez: "Enirio Aralar Mankomunitatearekin elkarlanean abeltzaintza, ikerketa, kirola, turismoa... sustatuko dira. Basoen eta natura ingurunearen kontserbazioa bermatuko du eta Infernu errekako basoak kudeatuko dira".