Amezketako EH Bilduk herritarren aurrean aurkeztu du udal hauteskundeetarako programa

Ataria 2019ko mai. 21a, 17:07

Ostiralean egin zuen Amezketako EH Bilduk jendaurreko aurkezpena. Hurrengo lau urteei begira jarri dituzten erronken berri eman zuten.

Lehenik eta behin, azken zortzi urteetan alkate izan den Iñaki Amundarainek balorazioa egin zuen. Gogora ekarri zituen, Ugarteko frontoia eta Larrunarri frontoia berritu dituztela, eta baita San Bartolome kalea ere. Adinekoen gunea, liburutegi zerbitzu irekia eta gimnasioa berria egin dituztela ere azpimarratu zuen.

Hurrengo lau urteetara begira, Amezketa ireki bat nahi dute, genero, orientazio sexual, arraza edo bestelako arrazoiengatik inor baztertuta sentitu ez dadin. Era berean, batzordeen bidez lan egingo dutela esan zuten herritar guztien iritziak kontuan hartu ahal izateko.Gainera, beste hainbat punturen artean, Ugarte auzoan, Ergonen eta San Bartolome kalean argiteri berria dagoeneko onartua dutela adierazi zuten, eta herriko hainbat tokitan irisgarritasuna hobetzen jarraituko dutela.

Puntuen artean: Ugarten aparkaleku berria, Ugartetik Amezketara bidegorria, Beltzaren plazan kirol anitzeko gune berria, eskola berria, Ergoneko etxe hutsak berritzea eta haurrentzat ludoteka jartzea. Baita gazteentzat alokairu soziala jartzea, beharren araberako etxeak egitea, eta etxe hutsak biziberritzea ere.

Lehen sektoreari bultzada ematearen garrantzia azpimarratuz, bertako produktuen aldeko apustua ere nabarmendu zuten. Hirugarren sektorean ere indarra jarriko dutela adierazi zuten, kirola, kultura eta turismoa ere programara ekarriz.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!