Argazki tailerra, aurtengo berritasuna Eguberrietako ekitaldietan

Ataria 2018ko abe. 18a, 13:29

Eguberriei begira egitarau zabala prestatu dute Amezketan, Gaztelekuak zein Akelok guraso elkarteak. Aurtengo berritasuna argazki tailerra izango da, 16 eta 18 urte bitartekoei zuzendua bereziki.

Sara Gomez Altunak emango du argazki tailerra, eta bi egunetan zehar egingo da, lehena abenduaren 29an eta hurrengoa urtarrilaren 5ean, eta bakoitza hiru ordukoa izango da. Tailerra guztiz dohainik izango da eta izena eman nahi duenak abenduaren 21a arte du aukera, 688 71 16 75 telefono zenbakira deituz edo samezketa@gmail.com helbidera idatziz. Adin tarte horrentzako antolatu den lehen jarduera da argazki tailerrarena. Aurrera begira beste batzuk prestatzeko asmoa dute Gaztelekutik.

Bestalde, Eguberrietan, ohiko abenduaren 24ko eta urtarrilaren 5eko ekitaldiez gain, haurrentzako zein nerabeentzako hainbat jarduera prestatu dituzte, ostiral honetatik hasita.

EGITARAUA
Abenduak 21, ostirala
19:00-22:00. Filma eta afari merienda Gaztelekuan, nerabeentzat. Afaria Gaztelekuak jarriko du.
Abenduak 24, astelehena
09:30. Zumadi eskolako haurrak Ugartetik aterako dira Gabon kantak abesteko.
12:00. Herriaren sarreran Olentzerorekin topo egingo dute haurrek.
13:30. Haurrentzako bazkaria Zazpi Iturri elkartean.
Abenduak 26, asteazkena
09:45-14:15. Olaberriako Kartingera irteera, nerabeentzat. Trenez joango dira eta garraioa Gaztelekuak jarriko du. Prezioa, 15 euro.
Abenduak 27, osteguna
10:00-12:00. Ipuin kontalaria, haurrentzat, kultur etxeko aretoan. Hamaiketakoa egingo da.
Abenduak 28, ostirala
10:00-13:00. Frontenis txapelketa Larrunarrin, nerabeentzat. Norberak erraketa eta pilota eramango ditu.
Abenduak 29, larunbata
10:00-13:00. Argazki tailerraren lehen saioa, haur eskola zaharrean. 16 urtetik gorakoentzat.
Urtarrilak 3, osteguna
16.30-18.30. Sukaldaritza tailerra, haurrentzat, haur eskola zaharreko gaztelekuan.
Urtarrilak 4, ostirala
08:30-16:30. Iruña Saltingera irteera, nerabeentzat. Prezioa, 15 euro. Garraioak Gaztelekuak ordainduko du. Bakoitzak bere hamaiketakoa, bazkaria eta, aukeran, merienda.
10.00-13.00 eta 16.30-18.30. Puzgarriak, haurrentzat, beheko frontoian.
Urtarrilak 5, larunbata
10:00-13:00. Argazki tailerraren bigarren saioa, haur eskola zaharrean. 16 urtetik gorakoentzat.
18:00. Errege magoen desfilea elizatik abiatuta. Larrunarri frontoian hartuko dituzte haurrak. Ondoren, txokolate jatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!