Herritarren ezusteko omenaldia jaso du Josu Artolak

Imanol Artola 'Felix' 2018ko azaroaren 12a

Herritarrek, senideek eta motorraren munduko lagunek Amezketako kultur etxeko areto nagusia bete zuten, Josu Artolari omenaldi sorpresa egiteko. Txalo zaparradarekin hartu zuten.

Josu Artola ibiltzen den motor mundua ez da ezagunegia, baina ez hargatik garrantzia txikikoa. Aurtengoan garaipen eta postu on asko lortu ditu.

Horregatik, herriak behar bezalako omenaldia prestatu dio; eta behar den bezala prestatu, gainera. Josuk ez zekien ezertxo ere. Lagunek azken bi asteetan trikimailu guztiak erabili dituzte bera ohartu ez zedin eta lan horrek guztiak izan du bere emaitza.

Arratsaldeko 18:30ean hasi da kultur etxeko areto nagusia betetzen. Txiki geratu da eta jendea bertan zain. Protagonista falta. Ez baitzekien berak kultur etxera joan behar zuenik. Gertueneko lagunekin batera aretora gerturatzean ohartu da prestatu diotenaz.

Lehen lerroko aulkian eseri eta bere motor ibilbidea errepasatzen duen bideo emanaldi batekin hasi da omenaldia. Hunkigarria zenbait unetan. Amaitu denean, kalean motorrek egindako ohorezko pasillo batetik pasa eta zain zituen lagunak dantzari jantzian merezitako agurra dantzatzeko. Segidan, Xabier Otaegi bere lagunak txapeldun handiak beharrezko duen txapela jarri zion. Plazako omenaldiarekin amaitzeko, Adur Gorostidi eta Iñigo Gorostarzu bertsolarien txanda izan zen.

Plazako omenaldia amaitu berritan, denak agurtu eta triki-poteoan ibili ostean, 21:00etan autobusetan sartu eta Zalbide sagardotegian izan dute afaria. 150 lagun, guztiek Josurekin ospatu nahi izan dute bere lorpen zerrenda.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!