«Motoa eusteko nahiko lan izaten da amaieran»

Tolosaldeko Ataria 2017ko mar. 8a, 11:40

Alegiatik Amezketarako bidean, ezkerrera hartu eta igoera benetan bihurria hasten da. Errepidearen amaieran bizi da Josu Artola (Amezketa, 1988). Normalena txirrindulari igotzailea edo rallyetako auto gidaria izatea izango zen; edo mendiko moto gidaria.

Lagun talde batekin batera ezagutu zuen kirol hori, eta bere lehen lasterketara 21 urterekin joan zen. Irabazi egin zuenez, zertarako gelditu. Junior nahiz nagusien mailan Euskadiko Txapelketan podiumetik podiumera ibili da, Cross Country eta Enduro modalitateetan. Iragan larunbatean, Superenduro probatu zuen, munduko txapelketa baten barruan, eta hirugarren postua eskuratu zuen. 

Eskuko minagatik bi hilabete t’erdi motora igo gabe egon ondoren, itzuli eta munduko txapelketan parte hartzera iritsi da Artola.

Zure modalitate gustukoena ez izan arren, probatzea erabaki zenuen.
Barakaldoko BEC-en jokatzen zenez, ikustera joateko sarrerak erosiak nituen. Baina, Euskadiko federazioak parte hartzeko gonbidapena luzatu zigun. Elite, junior eta Open mailetan jokatu  zen Munduko Superenduro Txapelketa, eta gu azken horretara gonbidatu gintuzten.


Superenduro txapelketa zen. Zu Cross Country eta Enduron ibiltzen zara. Zein da desberdintasuna?
2015. urte bukaera arte Cross Country eta Enduron ibiltzen nintzen, eta iaz, Extreme Enduro probatu nuen. Baina lasterketa gutxi izaten dira azken modalitate horretan, eta dezente bidaiatu behar denez ez da erraza. Superendurorekin alderatuta oso desberdinak dira besteak. Karrera luzeagoak dira lehenak, fisikoki gogorragoak; nahiz eta erritmoa suabeagoa izan. Guztietan daude tarteko trabak. Superenduro 6 minutuko tandetan egiten da, beraz, oso esplosiboa da.


Lehen aldia izateko, zer moduz moldatu zinen?
Esperientzia ona izan zen. Gustura ibili ginen.


Nahiz eta ez zen oso ondo hasi.
Bi entrenamendu txanda zeuden. Lehenengoan ibilbidea ikusi eta bigarrengoan erritmoa hartzera atera ginen. Lehen itzulian, lurrera erori nintzen salto batean. Motoaren atzeko zatia hautsi nuen; tubo eskapea edo ihes-hodia eta dena bere lekutik aterata geratu zen.  


Une horretan, zer etorri zitzaizun burura?
Bat, etxera joateko gogoa. Eta bestea, zertarako arriskatu nuen horrenbeste. Gero motoa txukundu nuen pixka bat, eta arriskurik hartu gabe nire erritmoan joatea erabaki nuen; lasai eta segurutik.


Emaitza ikusita, agian ondo eta guzti etorri zitzaizun.
Nik uste dut baietz. Bestela lasterketan eroriko nintzen.


Nolako ibilbidea zenuten?
Trabaz beterikoa. 6 minutuko lasterketa bat zen, tentsio handikoa. Arrisku handiena nekea izaten da. Karrera bukatzerako oso nekatuta zaude, eta motoa eusteko nahiko lan izaten duzu.


Traba guztien artean bat esatekotan?
Erori nintzen jauziaz gain, enborrena. Sei zeuden elkarren segidan, eta nahiko handiak ziren gainera. Aurrenekoak pasatzea erraza zen, baina azkenekoek arrisku handia zuten. Hor trabatuz gero, lehertu egiten zinen motoa handik atera nahian.  


Txapelketaren dinamika nolakoa zen?
Bi multzo egin zituzten, 15-16 motorekin. Bakoitzetik sei azkarrenak pasatzen ziren finalera. Nik bosgarren egin nuen. Gero kanpoan geratu zirenen artean beste txanda bat egin zuten, eta hortik hiru gehiago sailkatu ziren.


Finala, beraz, hamabosten artean jokatu zenuten.
Eta bi lasterketa egin genituen. Lehenengoan irteera atzeko parrilatik hartu nuen. Bigarrengoan atzean atera ginenak aurrean hartu genuen irteera. Aurreneko postuan jartzea lortu nuen, baina enborretan arazo bat izan eta lauk pasa ninduten. Ondoren horietako bat gainditzea lortu nuen. Azkenean, bi lasterketetan hirugarren amaitu nuenez, sailkapen orokorrean postu horretan geratu nintzen.


Junior eta elite mailakoak ere han ziren. Diferentzia handia al zegoen zuen eta haien artean?
Ikaragarria. Oso handia. Juniorrek ere maila altua daukate, gora igo nahi horretan asko arriskatzen dutelako. Elite mailan, berriz, munduko onenak daude, eta ikaragarrizko maila dute. Hortik bizi den jendea dela ez da ahaztu behar.


Azken horiek zaletuen artean  sinadurak banatzen ikusi genituen. Zuengana ez al zen inor gerturatu?
Ez, guri ez zaigu inor etortzen sinadura eske, ez. (Barreak).


Baina laguntza ematera bai, bestela zaila izango zen hau guztia.
Bai, eta horri eskerrak gabiltza horrela, bestela ezinezkoa izango zen. Aurten, gainera, Danon Txokoa Taberna ere gehitu zaigu. Ezenarro Leihoak, Climaxvic, Evans, Ugarte Motor, HiTech eta Zatika Motorrak-ek osatzen dute zerrenda hori.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!