«Behar dugun elikagaia bertan sortzea niretzat ezinbestekoa da»

Imanol Garcia Landa 2018ko aza. 3a, 09:01

Argaia Goena baserriko Aintzane Garmendiak parte hartzen du Orendaingo Udalak martxan jarri duen proiektuan, eta txerri eta txahal haragia saltzen ditu. Gustura dago ekimenarekin «herri mailatik ez bada babes bat hasten, alfer-alferrik ari gara», dio.

Orendain arduraz kontsumitzen duen herria proiektuarekin eragin nahi duten eremuetako bat bertako produktuak kontsumitzea da. Aukeretako bat da Argaia Goena baserriko Aintzane Garmendiak (Amezketa, 1987) ekoizten dituen produktuak erostea.

Zer iruditzen zaizu proiektua?

Oso ondo iruditzen zait. Batetik Argaia Goena Amezketako baserri bat da eta esan behar da Orendaingo Udalak Orendaingo produktore bezala onartu gaituela egitasmo honetarako, eta, beraz, eskertuta gaude. Bestetik, denok dakigu baserria ez dela lanpostu izar bezala ikusten; orduan, herri mailatik ez bada babes bat hasten, alfer-alferrik ari gara. Beraz, ikustea badagoela udal bat bere diruak kudeatzen dituena baserria bultzatzeko, oso ondo iruditzen zait. Uste dut hortik hasi behar dela, txikitik handira joan behar dela, herrietatik gainontzekoetara joan behar dela. Baserria ez dugu guk mantentzen. Baserria guri haragia erosten digunak mantentzen du. Behar dugun elikagaia bertan sortzea niretzat ezinbestekoa da, burujabea den herri batek ez baitu beste inoren beharrik, eta hori da herri honek behar duena, burujabe izatea, menpekotasunetik ateratzeko.

Nola espero duzu eragingo dizula proiektuak salmentetan?

Orendaindarrek kontsumitzen dituzte gure produktuak, eta alde horretatik oso eskertuta gaude. Errepikatu egiten dute, deitu egiten gaituzte eta oso gustura gaude. Oraintxe jarri da martxan eta oraindik ez dakigu zenbaterainoko eragina izango duen, baina uste dut ohitzen bagara udalak atera dituen txarteltxo horiek erabiltzera, nik uste dut funtzionatzeko arazorik ez lukeela egon behar. Kontsumitzen den diruarekiko ematen den laguntza oso ona dela iruditzen zait, kontuan hartzekoa da.

Nola saltzen dituzue produktuak?

Guk supermerkatuetara ez dugu ezer eramaten. Inoiz ez da inoiz esan behar, baina gure filosofia beste bat da eta saiatu nahiko nuke supermerkatuetara ez eramaten. Ez da supermerkatuen kontra ezer dugunik, baina supermerkatuetan ordaintzen dute beraien baremoetan sartzen dena. Guk animaliak hezteko dugun filosofiagatik, behar dituen zereal guztiak eta behar duen erritmoa emanez, bizkortzeko produkturik eta transgenikorik gabeko kalitate handiko pentsuekin haziz, ez du ia margenik ematen supermerkatu handietan sartuz gero. Beraiek irabazi egin behar dute, eta zuk kostuak jaitsi egin behar dituzu, eta guk ikusten dugu kostuak jaitsi behar horrek, gaur egun hezten dugun bezala egitea ekidin egingo ligukeela. Beraz, zuzeneko salmentan ari gara. Egia da, Orendaingo egitasmo hau bezala, gu ere hasiberriak garela, eta abenduan ekin genion nahiko poliki. Gure gaur eguneko salmenta, animaliak hiltegian ditugunean, kontsumitzaileak izan daitezkeenei abisua pasatuz izaten da.

Zer produktu saltzen dituzue?

Txekor haragia eta basoko txerriaren haragia eta txerrikiak. Bi lote mota ateratzen ditugu. Batetik, bost kilokoa, eta bertan txuleta, hirugiharra, xerrak, saltxitxak, hanburgesak eta saiheski zati bat joaten da. Bestetik, hiru kilokoan berdina joaten da, saiheskia izan ezik. Eta gero, aparte, hanburgesak, saltxitxak, txorixoa, eta txistorra lotez kanpo erosi daitezke, bi kiloko gutxieneko eskariarekin. Izan ere etxera eramaten dugu, eta garraioa ez dugu kobratzen. Pixkanaka goazen honetan, webgune bat egin nahiko genuke, Internet bidezko denda bat sortuz, jendeak bertatik eskariak egiteko. Bestalde, Orendaingo egitasmoaren bidez, azoka bat egin zen herrian, eta gure abiapuntua izan da azoketan. Aurrerantzean gehiagotan egon nahi dugu. Produktuak nahi dituenak 650662035 zenbakira deitu edota agarmendia87@hotmail.com helbidera idatzi dezake. Normalean jendeak eskatzeko erabiltzen duen bidea whatsapp-a izaten da. Beraz, kontsumitzaileak nahi duen bidea erabili dezala kontaktuan jartzeko.

Nola hezten dituzu abereak?

Urtean lau hilabetez izaten dugu txekorra, eta txerria urte guztian. Atentzioa deitzen dit jendeak galdetzen didala ea zer ematen diogun jateko txekorrari zapore hori izateko. Milagrorik ez dugu egiten, gure aitonak erakutsi zigun bezala segitzen dugu txekorra hezten, garagarra, zahia, arto-txikitua, baba handia, eta kalitate handiko pentsua emanez. Eta txerriari dagokionez, esan daiteke erdi basatia dela. 80.000 metro koadroko baso bat dugu, zuhaitz ezberdinekin, eta hor txerriak libre daude. Haragiaren kolorean antzematen da hori. Mugimenduan dagoen animalia denez, haragia pixka bat gorrixeagoa da, eta koipean ere antzematen da, jan erraza baita. Gaztainondoak eta haritzak ditugu, eta horrek esan nahi du, garaia denean horien fruituak jaten dituztela.

Erlazionatuak

Kontsumo jasangarriari bultzada Orendainen

Imanol Garcia Landa 2018 aza 02 Orendain

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!