Kontsumo jasangarriari bultzada Orendainen

Imanol Garcia Landa 2018ko aza. 2a, 10:29

'Orendain, arduraz kontsumitzen duen herria' proiektuaren bitartez, egunerokotasunean herritarrek hartzen dituzten kontsumo erabakietan eragin nahi du Orendaingo Udalak.

Azken bi urteetan «energetikoki autoaskeak» izateko programa bat sortu dute Orendainen, Gorka Egia alkateak azaldu duenez. Horren barruan dago kontsumoa murriztea, herritarren aktibazioa eta herritarren kontsumo ohiturak jasangarriagoak izateko diru laguntza sorta bat martxan jartzea.

Murrizketari dagokion zati handiena egin dutela dio Egiak. Udaletxeko berogailuaren kontsumo murrizketari begira, leihoak eta ateak aldatuta daude; bestalde, barneko argiteria guztia led teknologiara aldatu dute, eta hori bera kaleko argiteriarekin egitea falta zaie, urtea bukatu aurretik egin asmo dutena.

Bestalde, energia fosila ez kontsumitzeko helburua dute, eta pausoetako bat egungo udaleko autoa aldatzea da, auto elektriko batengatik, eta eguzki plaken bitartez kargatzea. «Baina, diru laguntzarik jaso ez dugunez, hurrengo legegintzaldirako etxeko lan bezala geratu da hori», esan du alkateak. «Hurrengo legegintzaldirako geratu den beste proiektu bat udaletxeko berogailua gasolinazkoa izatetik pelleterakin funtzionatzera pasatzearena da. Jarriko duguna auto elektrikoak kargatzeko kargagailu publiko bat izango da».

Gizartea aktibatzeko proiektua ere martxan jarri zuten eta Transition Town mugimenduan sartuta dago Orendain. Horren bitartez jasangarritasunaren inguruan kontzientzia hartuko zuen talde bat eratu nahi zuten herrian, parte aktiboa izan eta proposamenak herritarrei eta udalari egiteko. Alor horretan diru laguntzarik jaso ez dutenez, hanka motz gelditu da proiektua.

Orain buru-belarri dabil udala Orendain, arduraz kontsumitzen duen herria proiektuarekin, herritarrek kontsumo ohitura jasangarriak izan ditzaten bultzatzeko. Horretarako pizgarriak edo diru laguntzak zehaztu dituzte eragin nahi duten bost eremuetan: uraren kontsumoa, argindarraren kontsumoa, mugikortasuna, bertako produktuen kontsumoa eta komunitate izaera. «Gai hauek dira, hondakinekin batera, mundu mailan erronkatzat jotzen direnak», esan du Egiak. «Ideia nagusia da globalki pentsatzea eta tokian bertan ekitea. Hondakinen eremuan Zero Zabor Herria gara eta hondakin guztiak bereizten ditugu. Eta pentsatu duguna da zer egin dezakegun beste bost eremu horietan jasangarriago jokatzeko herritar bezala. Diru laguntza eta pizgarri hauek martxan jarri ditugu hiru urterako, jendeak bere kontsumo ohiturak alda ditzan, eta aurrerantzean espero dugu Orendainek, udalak zein herritarrek, ibilbide horrekin jarraitzea».

Gehienez 100 litro ur pertsonako eta eguneko

Ur kontsumoari dagokionez, Orendainen eguneko 124 litro kontsumitzen dira pertsonako bataz beste. «Pizgarria izango da pertsonako 100 litro kontsumitzen duen etxearentzat, urte bukaeran 20 euroko diru laguntza», esan du Laida Plazaola udaleko partaidetza teknikariak. «Kontuan izan behar da gainera, 110 litro baino gutxiago kontsumituz gero, Ur Kontsortzioaren baremazioaren arabera, prezioa murriztu egiten dela».

Egun herrian kontsumitzen den litro kopurua beste herriekin alderatuz ez dela hain altua esan du Plazaolak. Egiak azaldu duenez, «hainbat baserritarrek herriko urak erabiltzen dituzte eta lur azpiko urak ere bai azken zortzi urte hauetan, eta hor herriaren kontsumoa asko jaitsi da. Egia da, lehenengo aldiz entzutean kopuru hori izugarria iruditu daitekeela. Hain justu, diru laguntza lerro honen xedea ez da hainbeste diru laguntza ematea, baizik eta kontzientzia hartzea zenbat ur kontsumitzen dugun».

Diru laguntza emateko baldintzetako bat pertsonako 100 litro ur kontsumitzera jaistea da, eta bestea filtroak jartzea etxeko ur txorrotetan. «Filtro horiekin %40 edo 60 aurrezten da. Sukaldean eta bainugelan ere jarri behar dira, eta dutxetan beste filtro batzuk jartzen dira. Datu bezala, bainugelan hortzak eta musua garbitzeko, eta dutxatzeko filtroak jarrita baldin baditugu, eguneko 19 litro inguru aurrezten ditugu», azaldu du Plazaolak, eta gaineratu: «Datu hauek ikusten ditugunean hartzen dugu kontzientzia, ekintza oso sinpleekin pauso handiak egiten ditugula».

Argindarraren eremuan helburua etxe guztietan energia berdea kontratatua izatea da, bai etxe bakoitzak bere konpainian aldaketa eginez, edo Goiener edo beste kooperatiba batekin kontratua eginez. Urte bukaeran 20 euroko diru laguntza emango dio udalak energia berdea kontratatu dela erakusten duen etxeari. «Mundu guztia ados egongo bagina eta energia berdea kontsumituko bagenu, horrek esan nahiko luke gure konpainiak behartuta egongo liratekeela jatorri jasangarriko energia erostera», esan du Egiak. «Eta hori izango litzateke energia nuklearra, termikoa eta hain kontra gauden energia sortzeko bide horiek gelditzeko modu eraginkorrena. Azkenean kontzientzia hartzea da kontsumitzaile bezala ikusteko ze indar dugun mundu hobe batean bizitzeko».

Mugi txartela eskuratzea

Eragin nahi duten hirugarren eremua mugikortasunarena da. «Orendaindik Donostiarako joan-etorria, autoz egiten badugu 15,52 kg CO2 isurtzen dugu airera; aldiz, autobusa hartzen badugu 2,30 kg isurtzen dugu», esan du Plazaolak. «Poltsikoan ere eragina du: garraio publikoan joanez gero 4,35 euro da kostua eta autoz joanez gero 8 eurokoa, eta gainera aparkalekua behar izaten dugu». Orendainek taxibus zerbitzua duela gogorarazi dute, eta hori eskarikoa dela. «Sustatu nahi duguna da autoa alde batera utzi eta zerbitzu hori erabiltzea», esan du Plazaolak.

Horretarako beharrezkoa da Mugi txartela izatea, eta nahi duen guztiari lagunduko zaio udaletik txartel hori lortzen. Egiak gogora ekarri du kontzientzia hartzea dela helburua. «Orendainen dugun garraio publikoa ez da munduko onena, baina dagoena ez dugu erabiltzen eta erabiliko balitz hobetzeko aukerak egongo lirateke». 2018 bukatu baino lehen helburua herritar guztiek Mugi txartela ateratzea da. «Ea horrekin ere pixkana garraio publikoa gehiago erabiltzen den», esan du Egiak. Eremu honetan, Mugi txartela duen eta gutxienez hilean 10 joan-etorri egiten dituen herritarrari, 20 euroko laguntza emango zaio urtean, udaletik.

«Askotan ez dakigu zer zerbitzu ditugun, eta proiektuaren bitartez jendeak ikusi du zer dagoen, eta jarrera positiboa izan da», zehaztu du Plazaolak. «Kontuan izan behar da taxibusaren prezioa autobus batena dela», gaineratu du Egiak. «Eta zortea dugu bizi garen lekuan bizitzeaz. Zure bila taxi bat etorriko zaizu eta autobusaren prezioan jaitsiko zara Alegiara eta joango zara Tolosara, txartel bateko prezioarekin. Euro eta gutxiko kostuarekin».

Bestalde, taxibusa dagoelaikusarazi nahi izan dute autobus geltokiak jarriz, eta etxeetara ordutegiak bidaliko dituzte, trenarekin dauden lotura guztiekin batera.

Bertako produktuen kontsumoa da diru laguntzen laugarren eremua. «Hau izan da bertako herritarrei gehien gustatu zaiena», esan du Plazaolak. «Orendainen asko ohituta gaude bertako produktuak kontsumitzera, eta dagoeneko egiten dugun gauza bat saritu egingo dela ikustea gustura hartu da». Sasiaingo Baratza, Argaia Goena baserria, Zelaieta artisau gazta, Larreta esnekiak eta Orendaingo Errota sartu dituzte bertako produktoreen zerrendan. Ekoizle horien produktuetan 50 euroko gastua egiten den bakoitzeko udalak 10 euro emango dizkio herritarrari, urtean gehienezko diru laguntza 100 eurokoa izango delarik. Herritarrek txartel batzuk jasoko dituzte, eta bertan ekoizleek beraien zigilua eta kontsumitzaileak gastatutako dirua zein erosketa egin dueneko data jarriko ditu.

Egiak azaldu duenez, CO2 isurketetan eragin handienetakoa enpresek dute, bigarrena garraioa da, eta hirugarrena elikagaien garraioa. «Ohituta gaude Peruko lekak jaten, Txinako arroza kontsumitzen, Japoniako atuna ekartzen, eta hemengo bakailaoa Norvegian saltzen eta hangoa hemen erosten», esan du. «Merkatuak zentzugabeko funtzionamendua du, eta horrek ikaragarrizko CO2 isurketa eragiten du». Bertako produktuak kontsumitzeak jasangarritasunean eragiteaz gain, bertako ekonomian ere eragiten duela gaineratu du. «Dirua gastatu behar badugu, gure inguruan gastatu beharko genuke, hor ditugulako, eta gure gertukoak direlako», esan du Egiak.

Herriari eta herritarrei atxikimendua

Komunitate izaeraren eremuan, hain justu, izaera hori sortzea da helburua. «Sustatu nahi dugu Orendain elkarren eraginean bizi den herri bat izatea», dio Egiak. Ingurumenaren alorrean izango diren erronkei ezingo zaiela erantzun maila indibidualean gaineratu du: «Ezinbestekoa izango da elkarrekin erabakiak hartzea, elkarrekin aldaketak ematea, eta kontzientzia herritar guztiona izatea». Komunitate izaerarekin harreman estua auzolanak duela diote. Kasu honetan, ez da diruz lagunduko auzolanean parte hartzea, baizik eta herriko produktuekin osatutako saski bat emango zaie parte hartzaileei.

Auzolanak beste ezaugarri bat ere baduela zehaztu du Egiak: «Nik herritar bezala eskubide batzuk ditut, baina uste dut eskubideak ezin direla ulertu betebeharrik gabe. Herri bezala eta udal bezala ere urtero planteatu dugu herrian dagoen diruarekin zer egingo dugun denon artean erabakitzea. Baina gero badago betebehar bat, dirua tartean sartu gabe, gutako bakoitzak herriari egin diezaiokeen ekarpena. Lortu nahi dugu familia bakoitzetik norbait azaltzea herriaren intereserako diren lantxoak egitera». Plazaolak gaineratu duenez, «auzolanak, batetik, herri lotura bat sortzen du, eta, bestetik, egindako lanarekin konpondu edo hobetu duzuna gehiago maitatu eta zaintzen duzu. Herriarekiko eta herrian bizi garenekiko atxikimendua areagotu egiten du».

Orain arte batez ere Orendain, arduraz kontsumitzen duen herria proiektuaren informazioa zabaltzen aritu dira, eta orain kudeaketaren txanda iritsiko da, besteak beste, energia berdea kontratatzeko laguntza eskainiz. Hiru urtez emango dira laguntzak eta pizgarriak, lehenengoa 2019a izanik. Hortik aurrera, herritarrek arduraz kontsumitzeko bideari eutsiko diotela espero dute udaletik: «Kontsumo ohituren inguruko kontzientzia hartzea da proiektuaren helburu nagusiena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!