Euskararen eguneroko erabilerari buruzko tailerra, Euskaraldiaren ekintzen barruan

Ataria 2018ko urriaren 26a

Euskaraldiaren barruan, Udal Euskaldunen Mankomunitateak eta Amezketako Udalak tailerra antolatu dute urriaren 30erako, 19:00etan, kultur etxean. Tailerra Ahobizi zein Belarriprest roletan dagoeneko izena emanda daudenentzat zuzentzen da, baina hauek ez ezik, izena eman ez duten guztiei ere zabalik dago tailerrean parte hartzeko aukera, euskaraz aritzen den amezketar guztiei, alegia.

Izan ere, euskaldunon artean, hainbat egoera sortzen dira euskararen eguneroko erabileran, solaskidea gazteleraz hasten denean edo euskaratik gaztelerara hain errez pasatzen denean elkarrizketa batean, eta tailer honek aholku edo iradokizun zehatzak eman nahi lituzke, modu praktiko batean, egoera horietan euskararen erabilera bultzatu eta bideratzeko.

Euskaraldia ariketa soziala da eta euskaldunon eta euskara ikasteko bidean daudenen hizkuntza ohiturak aldatu nahi ditu. Eta edozein ohitura aldatzea nekagarria denez, tailer honen bitartez, eta Euskaraldiak irauten duen 11 egun horietako bidea errazteko, euskal hiztunei hizkuntza praktikak hobetzeko jarraibide eta aholkuak eskainiko dira. Tailerra interesgarria izango dela diote antolatzaileek eta amezketarrak animatu dituzte parte hartzera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!