Ugarteko jaiak, urriaren 5etik 7ra

Ataria 2018ko irailaren 28a

Urriaren 5ean, jaien lehen egunean egingo da herri afaria; izena emateko azken eguna urriaren 1a izango da.

Amezketako Ugarte auzoko Errosarioko Amaren jaiak urriaren 5etik 7ra bitartean egingo dituzte. Lehen egunean, ostirala, herri afaria izango dute. Bi menu izango dira aukeran, horietako bat helduentzat, 25 eurotan, eta bestea haurrentzat, 11 eurotan. Afarira joateko asmoa dutenek izena eman dezakete Goikoetxea tabernan, Ugarteko elkartean edo Ametza tabernan. Horretarako azken eguna datorren astelehena, urriak 1, izango da.

Bestalde, jai batzordetik deialdia egin dute festetan sortuko diren zenbait lan egiteko prest daudenak izena emateko. Sagardo dastaketarako, bai sagardoa ateratzeko bai edalontziak saltzeko, herri kirolen ondoren frontoia garbitzeko, eta hamaiketakoa banatzeko behar dela laguntza zehaztu dute jai batzordetik.

EGITARAUA

Urriak 5, ostirala

19:30. Kanpai jotze eta suziriak, jaiei hasiera emateko. 

Ondoren. Bertso poteoa Agin Laburu eta Aitor Sarriegirekin.

21:00. Herri afaria.

Ondoren. Trikitia Astiazaran II eta Andonegirekin.

Atsedenaldian. Toka lehiaketa.

Urriak 6, larunbata

11:30. Haurren pilota partiduak.

12:30-14:30 eta 16:00-19:00. Puzgarriak eta beste hainbat jolas.

Arratsaldean zehar. Zaldian ibilalditxoak Ugarten zehar.

16:00. Mus txapelketa Ugarteko elkartean. Izen ematea 15:30ean (partaide batek herrikoa izan behar du). Bikoteko 10 euro.

17:30. Txokolatea bizkotxoekin elkarte aurrean.

21:00. Zahagi ardoa.

22:30. Izer-Alabier eta Ansorregi-Larrañaga trikitilariak.

Atsedenaldian. Sokatira lehiaketa.

Urriak 7, igandea

11:00. Meza nagusia.

Jarraian. Txakolin probaketa eta pintxoak plazan trikiti doinuez alaiturik.

Bazkal aurretik. Laja II eta Narbaizaren eskutik trikiti saioa.

18:00. Herri kirolak. Harri-jasotzen: Joseba Ostolaza. Aizkoran: Ugaitz Mugerza eta Jexux Mari Mujika.

Ondoren. Ingurutxoa.

20:30. Sagardo dastaketa.

Laja II eta Narbaizarekin festei amaiera emango zaie.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!