Errebantxan ere, Altuna nagusi

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abu. 5a, 19:31
Jokin Altunak, 2018ko buruz buruko txapela jantzi zuen unea.

Goitik behera nagusitu zaio Olaizola II.ari, hasi eta buka. 22-5 irabazi dio Altuna III.ak, Gasteizko Ogeta pilotalekuan, Aspe eta Asegarce enpresen arteko ardoaren desafioaren barruan jokatu den buruz buruko partidan.

Biek ere, partida hasi aurretik, beste pilotaria goraipatu dute. Goizuetarrak, amezketarrak daraman bolada onarengatik, eta gorriz jokatzeak ematen dion indarragatik. Amezketarrak, berriz, Aimarrek urteetan zehar egindako ibilbideagatik. Gainera, tenperatura ere izan dute hizketagai, bero handia egiten zuelako, eta horrek jokoa zailtzen badu ere, garai hauetan buruz buruko partidak jokatzea ere ezohikoa dela aipatu dute.

Partidari dagokionez, lehen tantoa goizuetarrak egin badu ere, partida guztian zehar erabat nagusitu da Altuna. Hasieran, partida gogorra izango zela zirudien, hiru aldiz berdindu dutelako markagailua bi pilotariek. Gero, ordea, sekulako erakustaldia eman du amezketarrak. "Oso gustura nago, eta udaran orokorrean, oso ondo sentitzen naiz, batez ere, fisikoki. Gaur, pilota mugitzen nuen bakoitzean, ezinean ari zela sentitzen nuen", adierazi du Altunak. Sakearekin min handia egin dio, eta bigarren zatian, ia egindako guztiarekin asmatu du.

Olaizolak ez izan du porrota saihestu, eta arerioa askoz hobeto aritu dela aitortu du. "Erraz irabazi dit; artista handia da, eta gaur behintzat, errazago amaitu ditu tantoak. Niri, bestalde, pilota ez zitzaidan eskuan ongi sartzen, eta partida txarra egin dut. Beroak eragin handia izan duela ere nabarmendu du, "segituan itotzen nintzelako".

Partidako estatistikak:

Emaitza: 22-5

Egindakoak: Altunak 14, Olaizolak 2.

Galdutakoak: Altunak 3, Olaizolak 8.

Partzialak: 1-1; 3-3; 4-4; 10-5; 22-5.

Iraupena: 39 minutu eta 50 segundo.

Lehen partidan, Aspeko Elezkano-Martija bikotea Asegarceko Arteaga-Aretxabaleta bikoteari gailendu zaio 22-16. Gauzak horrela, Aspek, aspaldiko partez, ardoaren desafioa irabazi du. Ondorioz, 600 botila oparitu dizkiete Eibarko enpresako pilotariei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!