Ikusgarri jokatu duen Bengoetxearen aurka galdu du Altunak

Ataria 2018ko uztailaren 7a

Altuna eta Bengoetxea, podioan. ASPEPELOTA

Amezketarrak 17-22 galdu du leitzarraren aurka San Fermin Torneoko Lau eta Erdiko Txapelketan. Bengoetxeak bere merituengatik irabazi duela esan du Altunak.

Partida ikusgarria jokatu dute Altunak eta Bengoetxeak Iruñeko Labrit pilotalekuan. Baina Bengoetxea aritu da Altuna baino hobeto, eta hainbat tanto eder egin ditu. Leitzarrak berak azaldu du hainbat tantotan arriskatu egin duela eta atera zaizkiola egin nahi zituenak.

6-5 joan da irabazten Altuna, baina hor tanto batzuk egin ditu segidan Bengoetxeak eta gero tarteari eusten jakin dio. Partidaren bukaera aldera 16-18 gerturatu da amezketarra, baina leitzarrak ere berriro arriskatu eta hirugarrenez jantzi du txapela.

Altunak azaldu duenez, aurkariari "dena atera zaio, eta horren kontra aritzea zaila da. Oinatzek beti erakusten du berea ematen duenean kontrario oso zaila dela. Nik ez dut guztiz nirea eman". Halere, tanto ikusgarriak ere egin ditu amezketarrak, eta piloteoan agindu egin du, baina ez da nahikoa izan maila oso altua eman duen Bengoetxearen aurrean. Altunak gaineratu du pena eman diola txapela ez irabazteak, baina finalean egoteari bere garrantzia eman dio. "Harro nago egindakoarekin", esan du. Orain, San Fermin Torneoko binakako txapelketa du jomugan amezketarrak.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!