Kartelak ipintzeko sei panel jarri ditu Amezketako udalak herrian zehar

Ataria 2018ko ekainaren 7a

Bi eremu dituzte panelek, horietako bat udalarentzat da. N. ROLDAN DE ARANGUIZ

Udalak debekatu egin du herriko edozein hormetan kartelak jartzea; salbuespena, taberna ondoko hormak.

Amezketako Udalak sei panel berri jarri ditu herrian zehar iragarkiak, kartelak eta udal informazioa jartzeko, eta horrela orain arte kaleetan zehar edozein hormatan jartzen ziren kartel guztiak «leku egokietan jartzeko eta herria txukunago mantentzeko».

Panelak Ergoeneko eliza ondoko markesinan, Zumadi Eskolaren ondoan, herriko plazan, Bartolome Deuna kaleko 9 zenbakiaren ondoan, Beltzaren plaza ondoko jolastokian, eta azkenik, Ugarte auzoko pilotalekuaren aurrean jarri dira. Paneletan edozein herritarrek, amezketarrek nahiz kanpokoek, aukera izango dute nahi dituzten iragarki edo kartelak jartzeko, festak direla, hitzaldiak direla, ikastaroak, kontzertuak…

Paneletan bi eremu egongo dira. Bata, Amezketako Udalarentzat izango da, udal iragarkiak eta udal informazioa erakusgai jartzeko, eta bestea, edonori zuzenduta dagokion informazioa jarri ahal izateko. Udalak bere eremua errespeta dadila eskatu du.

Bestalde, udalak jakinarazi du noizbehinka panel guztietako kartelak kendu egingo direla eta garbi utziko direla, hilabete berria hastearekin batera aukera izan dezaten denek kartel berriak jartzeko. «Hortaz, komeni da bakoitzak jakitea noiz den momenturik egokiena kartel bat jartzeko», zehaztu du udalak.

Honekin guztiarekin, Amezketako Udalak, «inguruko herri askotan bezalaxe, kaleak txukunago mantendu nahi ditu, eta, beraz, hemendik aurrera Amezketa guztiko hormetan kartelak jartzea debekatuta egongo da, salbuespen batekin, herrian dauden tabernetako sarreretako hormak, jende asko ibili ohi delako hauetan eta informazio puntu egokiak direlako herritarrentzat».

Hortaz, paneletatik kanpo jartzen diren kartel eta iragarkiak udalak garbitu egingo ditu. Bide batez, udalak «beste behin ere deia egiten die herritarrei denon artean herria txukun mantentzeko eta zabor ontziak ere erabiltzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!