Altuna III vs. Olaizola II Finala 2018

«Igandekoa igandean bukatu zen; oraindik ikasten segi nahi dut»

Asier Imaz 2018ko mai. 29a, 09:46
Jokin Altuna Amezketako plazan buruz buruko txapelarekin. ASIER IMAZ

Egun handiaren biharamunean komunikabideekin elkartu zen Jokin Altuna Amezketan. Denbora handirik ez zen izan, arratsaldean bertan hegazkina hartu behar baitzuen oporretara joateko.

Bi asteko oporraldiari hasiera emateko, atzo hartu zuen buruz buruko txapeldun berriak hegazkina. Hain justu, finalean aurkari izan zuen Aimar Olaizolak hartu zuen hegazkin bera. Kantxara ere batera itzuliko dira, elkarren aurka jokatuko baitute berragerpenean.

Nolakoak izan dira finalaren ondorengo 24 orduak?

Handiak. Asko ari naiz gozatzen, eta oraindik ere egun asko geratzen dira gozatzen segitzeko.

Derrigorrez igandekoaz hitz egin beharra daukagu. 

Arratsaldekoaz edo gauekoaz? [Barreak]

Aurrena arratsaldekoaz. 

Partida handia izan zen. Etxean tanto batzuk ikusi ditut eta on pilo egon zirela uste dut. Gogorrak, mordoa, eta ondo bukatutakoak ere bai. Jendea gustura geratzeko moduko partida izan zela uste dut. Ni ere oso gustura, txapela irabazita borobildu dudalako txapelketa.

Partidaren lehen zatia fisikoki desgaste handikoa izan zen.  

Biok erritmoa sartu nahi genion partidari. Jotzerakoan ere airea kentzen saiatzen nintzen, bestela segidan bukatzen duelako. Horrek buru-neke dezentekoa sortzen dizu. Denbora guztian mugan ari zara jokatzen, eta hori zaila da. Biok sufritu behar izan genuen, asko. Gero, pilota hobeto mugitu nuela uste dut. Berak metro gehiago egin behar izan zituen. Gakoa hor egon zela uste dut. 

Partida luzea Olaizolaren mesede izango zela esaten zuten. Berak, ordea, okerrago amaitu zuen.

Askotan teoriek ez dute ezertarako balio. Egunak eta egunak izaten dira. Partida luze bati ez nion beldurrik, txapelketa honetan erakutsi dudalako badakidala erantzuten. Txapelketako partidarik gogorrena izan omen zen igandekoa; 300 pilotakadatik gora. Alde horretatik, oso gustura nago.

 

Noiz ikusi zenuen txapela zure buruan?

21. tantoa egin nuenean ia aukera gehiago ikusten nituen. 20-13koan kanpora bota nuenean, ordea, oraindik arrisku ikaragarria ikusten nuen. Berak sakea zuen. Hurrengo tantoan gainera denbora guztian defendatzen ibili nintzen. Berak gora bota zuen, eta hor ia aukera gehiago ikusi nituen.

Ongi ezagutzen zaituen Xalton Zabalak klabea bistan egon zela esan zuen, baina lentillengatik ari zen.  

Egia esan lentillekin nabil azken aldian. Baina, noski, klabea ez zen hor bakarrik egon.

Baina hobekuntza sumatu duzu, ezta?

Dudarik gabe, jarritakoan batez ere. Aurrez, bista pixka bat galdua nuela iruditzen zitzaidan. Ez daukat galera handia, baina frontoi ilunetan gehiago kostatzen zitzaidan. Optikakoak esan zidan ea nola jokatzen nuen horrela, harrituta zegoela. Egia esan, aldaketa dezentekoa nabaritu dut; bai. 

Arratsaldekoaz hitz egin ondoren gauekoa. Joxean Tolosaren bisita eta guzti.

Latza! Afaltzen ari nintzen eta ez nuen espero. Oraindik eta gutxiago familia Donostian utzi eta kasu egiteagatik bakarrik etorri zelako. Detaile oso polita. Hunkituta zegoen eta bera horrela ikusteak izugarrizko ilusioa sortu zidan. Oso momentu polita izan zen.

Noiz amaitu zen festa?

Ez dakit etxera zer ordutan iritsi naizen. Frontoitik ateratzerako berandu zen, afaritik altxatzerako ere bai. Gero tabernetara ere berandu joan gara, eta etxera, eguna argituta. 

Merezi zuen.

Momentu guztiak aprobetxatzen jakin behar da. Momentu hauetara iristeko zure adinekoek egiten dituzten gauza asko utzi behar dituzu alde batera, eta horrelako momentuetan beraiek bezalaxe gozatzea tokatzen da.

Lau t'erdiko txapela, buruz burukoa, denbora gutxian begira pilotak non jarri zaituen.  

Oso harro eta oso pozik nago. Baina igandekoa igandean bukatu zen. Orain bi aste oporrak eta gero badakit denboraldi oso gogorra etorriko zaidala. Egia da ikaragarria dela eta, lortua hor dagoela betiko. Baina 22 urte dauzkat eta oraindik ikasten segi nahi dut. 

Ardura handia al da urte guztia kamiseta gorriarekin jokatzea?

Bai, baina ez dut uste lehen baino askoz ardura handiagoa edukiko dudanik. Lehen ere presio dezente edukitzen dugulako. Ia ez zaigu ondo jokatzea eskatzen, irabaztea eskatzen zaigu. Txapeldun atera naiz, baina horregatik ez diot neure buruari presio gehiago jarriko.

Zure enpresak esan zuen 2017an zu izan zinela jaialdietan gehien eskatzen zuten pilotaria. 2018a zer izango da orduan? 

Seinale ona da hori. Orain niri tokatzen zait erantzutea. Horretarako gauzak serio hartu beharra daude. Partida guztietan dena ematen eta itxura ona uzten saiatu behar da.

Gauzak nola diren: Aimar Olaizola eta Jokin Altuna elkarren aurka berragertuko dira, Urrestillan. 

Igandean, partidaren aurretik, justu horretaz hitz egiten aritu ginen, elkarren aurka jokatuko genuela. Aimar eta Zabaletaren aurka jokatzeak esan nahi du gure maila ere handia dela. Oso zaila izango da, baina oso erakargarria.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!