Altuna III vs. Olaizola II Finala 2018

Tolosaldea Amezketako eta baita Goizuetako semearekin ere

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 28a, 13:32

Bizkaia pilotalekuan zuzenean partida jarraitu zutenen erreakzioak bildu ditugu, eta baita eskualdeko herri bakoitzeko pertsona batena ere. Irakurri zer dioten!

JOXE ALTUNA, AMEZKETA

Banuen biloba Jokinek irabaziko zuenaren esperantza. Hori bai, jendea gehiago zegoen Aimarrek irabaziko zuela, baina, azkenean Jokinek irabazi du. Buruz burukoa irabazteko adina kategoria edo maila duela Jokinek badakit, eta horregatik itxaropentsu nengoen. Poza ikaragarria sentitzen dut. Jokin beti izan da oso formala, eta pilotan ere horrela erakutsi du. Finalaren aurretik ere esan nion bera ikusten nuela irabazle moduan, berarekin kontatzen nuela.

 

NEKANE ALTUNA, AMEZKETA

Oso urduri bizitu dut finala. Anaiak irabaziko zuenaren konfiantza banuen, baina, Aimarren aurka ezin da inoiz jakin, pilotari oso-oso handia baita. Gainera, hasieran nahiko parekatuta joan dira, bi tanto batek, besteak beste bi tanto, eta familian tentsio handiarekin bizitu dugu. Sakearekin ere ez du gehiegi asmatu Jokinek, baina, azkenean, aurrea hartu dio, eta lortu du, beraz, oso gustura nago. Hemendik aurrera ez dakit anaiak zer emango duen, baina, ziur nago asko emango duela.

AITOR AGIRREZABAL, TOLOSA

Amezketarra dut emaztea, eta horri esker Altuna lehengusua dut. Irabaztera etorri gara, eta txapelarekin itzuliko gara etxera, beraz, oso pozik.  Partida ikaragarria izan da, oso ondo jokatutakoa. Beste guztiekin egin duen moduan, Aimar garaitu du.  Jokin handia da, eta haren ondoan handiagorik ez dago une honetan. Hemendik aurrera ematen ari den mailarekin jarraitu behar du, hori bai, lurrak oinean zapalduta. Pilotan jarraitu behar du, partidak irabaziz.


MAITE TOLOSA, AMEZKETA

Ikaragarria izan da. Hasieran nahiko berdinduta joan da. Egia da biek ikaragarri jokatu dutela, baina gure txikiak egurra eman dio. Nik ez dut pilotaz gehiegi ulertzen, baina, fisikoki oso ondo ikusi dut Jokin, eta azkenean irabazi egin du. Aimar ere ondo aritu da, baina, Jokin fenomenoa da.
Bigarren zatian Jokin nagusitu da, agian Aimar nekatuago egon da.  Jokinek buru izugarria du, eta indarra ere bai. Izugarrizko partida egin du. Amezketatik etorri garenak topean aritu gara animatzen.


GAIZKA JAUREGI, BEDAIO


Gaizki. Urduritasun handiarekin. Partida bihar berriro ikusi beharko dut, zehaztasun gehiagoz ikusteko. Ondo jokatu dute biek, baina, 13. tantotik aurrera hautsi egin da pixka bat, eta eskerrak horri. Partida oso gogorra izan da.  Aimar opari batzuk gehiago egiten ikusi dut, eta Jokin, berriz, oso ondo ikusi dut. Jokinez edozer gauza espero dezakegu. Handiak egiten ari da, eta handiagoak egingo ditu.

 

ERIK JAKA, LIZARTZA

Ikaragarria da. Berarengatik sentitzen dudan poza izugarria da. Bera ere nigatik asko pozten den moduan. Egin duena izugarria da, inork espero ez zuena. Aho asko itxi dituela iruditzen zait, eta merezimendu osoz gainera. Partida urduritasun handiarekin ikusi dut, asko sufritu dut. Partida ondo eraman du eta sakearekin gehiago asmatuko balu are hobeto eramango luke. Besarkada handia emango diot.

 


BEÑAT BELOKI, BEDAIO

Zaila izango zela bagenekien, eta esan daiteke ia Altunak baino gehiago sufritu dugula guk kuadrillakook. Baina, hori bai, zalantzarik gabe, merezi izan du finalean bizitakoak. Partidari dagokionez, urduri xamar hasi dela esango nuke, baina, bigarren zatian oso ondo jokatu du, eta merezitako txapela jantzi du. Hemendik aurrera auskalo zenbat txapela jantziko dituen. Ematen ari den maila kontuan hartuta ez da ez azken txapela izango, ezta bigarrena ere.

 

JULEN TELLERIA, TOLOSA

Arraro xamar bizitu dut. Normalean bata edo bestearen aldeko jarrera argia izaten dut horrelakoetan, baina, gaurkoan, ez zitzaidan hainbeste inporta nork irabazi, baina, gertukoa izanda, porra tanto batengatik Altunaren alde jarrita nuen. Finala Bilbon bertan askoz ere intentsitate handiagoarekin bizitzen da, eta oso pozik nago ikusitakoarekin, eta batez ere pozik Altunarengatik. Partida oso estrategikoa eta taktikoa iruditu zait bien aldetik. Altunak asmatu egin du, eta dena atera zaio.

 

 

IGOR ZUBELDIA, AZKOITIA

Bere laguna naiz, eta bere zale amorratuak gara kuadrillan. Oso ondo ikusi dut, ezin hobeto. Partida perfektua atera zaio. Hasieratik oso ondo hasi da, eta une guztietan jakin du zer egin. Erditik bukaerara bitarte, berriz, berak eraman du partida. Merituz irabazi du, eta hona iritsi da erakutsi duelako balio duela, eta lan handia egin duelako.  Edonori irabazteko gai dela erakutsi du Jokinek beste behin.

 

 

 

OMAYRA ZUBELDIA, ABALTZISKETA

«Zegama Aizkorriko korrikalari eta lagunekin batera ikusi dut Altzoko elkartean. Partida zirraragarria izan da, oilo ipurdia jartzekoa! Seguru beste final askotan frontoitik bertatik gozatzeko aukera izango dugula Jokinekin. Zorionak eta disfrutatu, artista!».

 

 

LEIRE SAIZAR, ADUNA


«Partida telebistaz jarraitu dut, Amezketan, familia giroan. Partida oso gogorra izan da hasieratik, eta emozioz betea. Zorionak Jokin! Onena haiz eta jarraitu horrela! Zorionak benetan. Txapela buruan eta ibili
munduan!».

 

XABIER TELLETXEA, ALBIZTUR


«Partida ikaragarria izan da, gogorra, erritmo ikaragarrian jokatua eta tanto ederrekoa, batik bat Jokinen partetik. Aimar, zabaleko pilotak jasotzean normalean baina erraztasun handiagoak ematen. Jokini lehen ere esan izan diot, eta berriro errepikatzen dut: desberdina da».


 

PATXI RENOBALES, ALEGIA

«Partida oso gogorra gaur egungo bi artistarik eta profesionalik handienen artekoa. Aimarrek ez du eman berea baina izugarri egon da. Pilotak eta sakeak zerikusia izan dutela uste dut. Zorionak Jokin! Ekaitz ondoan arratsalde eder ugari pasarazten ari haiz!».  

 

 

AITOR SORARRAIN, ALKIZA


«Lehen erdia, behintzat, partida ikaragarri gogorra. Jokin oso sartuta, oso ondo nahastu du. Hori poza txapelarekin ikusi dugunean; bai dotore! Baserrian bizi garelako, bestela gure oihuekin... Jeseus! Ez omen zuen buruz bururako balio... Aupa Jokin! eta Aupa Athletic!».

 



 

MARI MURUA, ALTZO


«Bizkaia pilotalekuan, bertatik bertara eta lagunekin, partida oso gogorra bizitu dugu. Urduritasun handia: sakea hartzean poza, errestoan kezka. Hona iristea ikaragarria izan da, eta irabaztea gehiago Jokin! Harro gaude zutaz. Zorionak!».

 

 

IÑAKI LIZASO, AMASA-VILLABONA

«Begiak busti zaizkit. Historiako pilotari onenetakoa da Aimar. Bere markak puskatu eta historia egiteko jaiotako pilotaria da Jokin. Edozer espero nian higatik, baina hain azkar? Zorionak potto! Elkarren aurka, horrelako partida ikusteak... zirrara, poza, ilusioa sortu dit».

 

 

ANE HARANBURU, ANOETA


«Jokinek partida kontrolpean izan du denbora guztian. Sakearekin hobeto aritu da. Tentsio pixka bat jarri du, baina oso gustura. Ikusteko moduko partida izan da. Oraindik txapela gehiago lortuko dituela esango nioke Altunari, eta eusteko sasoi horri».

 

 

 

IZASKUN SARASOLA, ASTEASU


«Erraz irabazi duela uste dut. Aimarren ondoan gazte eta fresko ikusi dut. Poz handia sentitu dut gaztea eta gipuzkoarra txapeldun ikusita. Pilotari zalea ez naiz, baina beti gertu izan dut kirol hau, eta oso gustura gertukoak irabazi duelako. Horrela segi, Jokin!».

 

 

 

JAIONE OLANO, BALIARRAIN

«Partida ikaragarria izan da, gogorra, tanto luzeekin. Aimar ezinean ikusten nuenean, pena ematen zidan. Partidaren erdi parean, betiko Aimar ikusi dudanean, posible zela ikusi dut txapela irabaztea. Finalean txapela bakarra zegoen eta guk aurrean bi txapeldun».

 

 

NEREA ARREGI, BELAUNTZA


«Gozatu egin dut partida ikusten; emozioz beterikoa izan da. Hasieran Altuna urduri ikusten zen, baina behin partidan sartuta pilotari handia dela erakutsi du. Zorionak Jokin! Egindako lanaren ordaina da txapela! Zure gaztetasunean heldutasun handia erakutsi duzu».

 

 

URKO ATXUKARRO, BERASTEGI

«Berastegiko Urepele elkartea beteta zegoen, Aimar Olaizolaren eta Jokin Altunaren arteko final gosez, lagun arteko porra eta guzti. Final gogorra bezain ikusgarri baten ondoren euliak zapoa mendean hartu du. Zorionak Jokin! Altuna txapeldun.

 

 

XABI ZUBIRIA, BERROBI


«Partida oso gogorra eta tentsio handikoa. Emozio eta poz handia sentitu dut Altunak irabazi duenean. Horrela jarraitzeko esango nion Jokini, gehiago irabaziko dituela. Eta Aimarri nahikoa meritu baduela horraino iristeagatik; pilotari handia dela».

 

LUIS GALARRAGA, BIDANIA-GOIATZ

«Partida oso ona. Gogorra aurreneko parten. Bigarren zatian irabazi du Jokinek, eta zorionak gipuzkoar bezala, eta pilotak niretzat asko irabaziko duelako Jokin bezalako gazte batek irabazita. Belaunaldi aldaketa datorrela dirudi. Aimarri zorionak, maila eman duelako».

 

 

PATXI ZEBERIO, ELDUAIN

«Finala Bizkaia pilotalekua bertan ikusteko aukera izan dut, lagunekin. Partida oso ona izan da eta kalitate izugarrizkoa. Teknikoki harrigarria, benetan. Jokini zorionak eta besarkada bat. Gozatu ondo merezitako txapela izan da eta».

 

JOSUNE GOROSTIDI, GAZTELU


«Zirraragarria. Gogorra. Orekatua, baina momentu erabakigarrietan Jokinek gehiago asmatu duela esango nuke. Fisikoak ere bere eragina izan du. Pilotari ona eta burutsua denez, osasuna eta lesioen aldetik zorte ona opa diot. Irabazi nahiz galdu, kantxan goza dezala». 



ALAITZ IMAZ, HERNIALDE


«Hernialdeko elkartean ikusi dugu lagunekin. Partida gogorra, bi errematatzaile handirekin. Izana eta badatorrena. Poza, horren pilotari gazteak gisa horretara Aimar bezalako mito bat menderatzean. Kalitatea izen dela eta izango dela erakutsi duzue. Zorionak bioi!». 

 

 

 

AINARA OTAMENDI, IBARRA

«Etxeko egongelatik ikusi dut buruz buruko finala, bakarrik gainera. Partida gogorra izan dela argi geratu da, tanto ederrak egin dituzte tartean nola batak, hala besteak. Miresmena sentitu dut. Txapela bakarra zegoen jokoan, baina bi txapeldun handi finalean».




PILI LAZKANO, IKAZTEGIETA

«Zoragarria iruditu zait. Berriz ere ikuskizuna eman du Jokin Altunak. Asko gustatu zait. Agian ez zuen inork espero Jokinek irabaztea, baina partida bikaina jokatu du. Aimar ere txapeldun handia da, eta horregatik: Zorionak Jokin eta zorionak Aimar!». 

 

 

 

OLAIA ETXEBERRIA, IRURA


«Etxean ikusi dut partida, familia giroan. Punta-puntako finala izan da, afizioa egiten duen horietakoa. Altunak artista hutsa izateaz gain, ederki sufritzen ere badakiela erakutsi digu. Asko gozatu dugu finala, bejondeizula Jokin!».

 

 

IÑAKI ESNAL, LARRAUL


«Etxean ikusi dut finala, familiarekin. Partida azkarra eta oso gogorra izan da. Momentu batean Aimarrek buelta emango ziola sentitu dut. Zorionak Jokini eta baita Aimarri ere egin duten txapelketagatik. Segi dezatela horrela datozen urteetan ere!».

 


 


MAIER UGARTEMENDIA, LEABURU-TXARAMA


«Ilusio berezia piztu du bi belaunaldiren arteko finalak. Une klabeetan Altunak asmatu du, eta bere defentsa, boleaz, oso zitala izan da. Zorionak Altunari! Buruz burukoa irabazteak meritua du, baina Olaizolari irabazteak meritu bikoitza du!».

 

 

IRAITZ OLAETXEA, LIZARTZA


«Gazteak freskotasun gehiago erakutsi du. Ikaragarrizko poza eta emozioa Jokinengatik. Zorionak eta poz ugari emateko hago! Gozatu ingurukoekin ingurukook hirekin gozatzen diagun adina! Handia haiz! Aimarri eskerrik asko irakasgaiengatik, maisu handia haiz».


 


AIMAR AGIRRESAROBE, ORENDAIN

«Partida izugarria. Bigarren zatian Aimar ezinean eta Jokin hazita, oso ondo, burua hotz eta lanean serio. Aimarri ez da esaten dioten bezain zaharra eta aurrera segi dezala. Jokini goza dezala; orain arte bezain umil lanean jarrai dezala historian bere izena hizki larriz jartzeko». 

 



JOXE BALERDI, OREXA

«Bizkaia frontoian ikusi dut partida, emaztearekin eta Jokin Altunaren familiarekin. Partida oso ona ikusi dugu bi pilotarien aldetik. Horrela segitzeko lanean esango nioke Jokini, gu ikustera joango garela! Zorionak Jokin eta zorionak Ekaitz Saralegi!».

 



ANE ARTUTXA, TOLOSA


«Hasieran partida parekatua izan da, tentsio askokoa. Ez zen inor nagusitzen, final batek eskatzen duen bezala. Tanto interesgarri asko; gozatzeko partida. Zorionak bi pilotariei! Jokini, bere gaztetasuna aprobetxatuz jarrai dezala lanean, txapela gehiago lortzeko!». 



ITXASO ERASUN, ZIZURKIL


«Etxean ikusi dut familiarekin. Partida ikusgarria izan dela iruditu zait. Tanto benetan borrokatu, zirraragarri eta apartekin. Zorionak Jokin! Eta aupa Aimar. Beste hainbeste urtetan horrela segi dezazuela».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!