Bozina joz iritsi dira Amezketara zalez betetako hiru autobusak, 21:00ak aldera. Ordurako Bilbora joan ez diren herritar ugari ziren esperoan, Abaltzisketako bidegurutzean.
Gero eta jende gehiago iristen zihoan bitartean, txapeldunaren berri nahasgarriak ari ziren iristen. Durango parean zetozela, batzuk; Beasain inguruan, besteek. Hara, badator! Ba ez. Antza, Martija pilotariak auto bera du. Eta noski, pilota munduko lagunek ere festa hurbiletik jarraitu nahi izan dute.
Bada, Jokin Altuna 22:30ak aldera iritsi da herrira, San Bartolome kaletik gora. Herritarrak errepidearen bi aldeetan ziren, txaloka eta oihuka.
Handik plazarako bidea hartu dute guztiek, bertan egin baitiote harrera ekitaldia. Ordurako prest ziren dantzariak, eta Jokin iritsi bezain pronto agurra dantzatu diote. Altunak justu-justu eutsi die malkoei; erabat hunkituta zegoen herritarren babesagatik. Bejondeizula Jokin jartzen zuen zapia ere jantzi diote lepoan. Eta amaitzeko, ezeustean, etxafuegoak bota dituzte.
Hortik aurrera, besarkadak, zorionak, muxuak eta argazkiak. Mordo bat, gainera. Tartean, attona Joxerena: "Eskerrik asko. Eskerrik asko, Jokin. Mundiala haiz", esan dio aitonak bilobari, plazan elkar topo egin duten unean.
Pilotalekuaren barruan ere baziren pilotari gazteari eskainitako pankartak: Lehen orain eta beti, Amezketa Altunarekin, edota Tolosa 1989 Altuna 2018.
Azken traka, ordea, afalorduan izan da. 360 txartel saldu zituzten arren, jende gehiago animatu da afarira. Hainbeste, non Altunaren familia hasiera batean lekurik gabe geratu den. Mahai eta aulki gehiagoren bila joan behar izan dute.
Festa giroa nagusi zen Amezketan. Eta ez da gutxiagorako: Altunak badu bere bigarren txapela –buruz buruko lehena–, eta Amezketak ere bigarren aldiz ikusi du herritar bat txapela hori janzten.
Ongi etorri.