Iritsi da final handiaren eguna. Jokin Altunak eta Aimar Olaizolak indarrak neurtuko dituzte, txapel handiena lortzeko bidean. Gaztea beteranoaren aurka. Amezketarraren magia, goizuetarraren klasearen kontra. Ez dago faborito garbirik gaurko finalerako.
Amezketan ilusio bereziarekin bizi izan dituzte azken aste hauek. Joxean Tolosa herritarrak 1989an lortu zuen buruz buruko txapela. Gaur bigarrena nahi dute, eta herri osoak, baita ingurukoek ere, bat egin dute Altuna III.arekin.
Altunaren lau t'erdiko finaletan gertatu bezala, herritarrek prestatutako pankartak jarri dituzte Amezketako hainbat txokotan, beren herrikidea animatzeko: Aupa Jokin, Amezketa hirekin; Aupa Jokin, Pelotaren magoa, pelotari trebe ta ona; Txokon, zabalen, bajun ta Altun(a), Jokin Txapeldun(a).
Irabazi ala galdu, egun berezia izango da gaurkoa Amezketan. Izan ere, gauean 400 pertsona inguru bilduko dira Larrunarri pilotalekuan, Jokin Altunari harrera egiteko. Guztia prest dute goizeko lehen ordutik.
Has dadila festa, eta, bereziki, ongi amaitu dadila. #AupaAltuna!