Altuna III vs. Olaizola II Finala 2018

Finalaren aurreko azken betebeharra

Asier Imaz 2018ko mai. 24a, 15:47

Bizkaia frontoian aukeratu dituzte pilotak Olaizola II.ak eta Altuna III.ak; biak gustura geratu dira materialarekin.

Duela bi aste jakin zen igandeko finala nortzuk jokatuko zuten. Bi aste horietan denetik egitea tokatu zaie Aimar Olaizola eta Jokin Altunari: finaleko txartela ospatu; atseden hartu; entrenatu; komunikabideei elkarrizketak eskaini, eta azkena, iganderako materiala aukeratu.

Gaur eguerdian elkartu dira bi finalistak Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Bina pilota aukeratu ditu bakoitzak, eta biak gustura geratu dira materialarekin. «Gustura pilotekin, arazorik gabe. Jokinenak ere politak dira. Ez dut uste alde handirik dagoenik», esan du Olaizola II.ak. Altuna III.a ere bide beretik joan da, baina bitxikeria bat gehitu die bere adierazpenei: «Pilota guztiak ziren gustura egotekoak; lote guztia polita zen. Adibidez, gaurko lotea gehiago gustatu zait finalerdietakoa baino».

Finalaren inguruan, amezketarrak buruan beste konturik ez duela onartu du: «Gauero ematen dizkiot bueltak partidari. Beti horretan pentsatzen. Ni seguru nago berak ondo jokatuko duela. Garrantzitsuena lehen pilotakada da: sakea. Asmatzen baduzu aurkariak zer egin gutxi dauka».

Aurkaria Aimar Olaizola izango du. Bere bideorik ez duela ikusi onartu du amezketarrak: «Hasi zenetik ia bere partida guztiak ikusi ditut. Denok dakigu nola jokatzen duen. Hiru edo lau gauza oso on egiten ditu, eta ezin dira oztopatu gainera».

Goizuetarrak, bere aldetik, final gogorra izango dela esan du: «Aurrean dudan kontrarioarekin zaila da nola jokatu aurreikustea. Ez du zulorik. Baina buruz buru ezin da miraririk egin. Altuna sakatzaile handia da. Opariak egin eta berak sakea hartzen badu, ezinezkoa izango da irabaztea».

2013an irabazi zuen buruz buruko azken txapela Olaizola II.ak, Juan Martinez de Irujoren aurka. Bere ibilbideko laugarrena. Igandekoa, berriz, hamargarren finala izango du eta sari bezala ikusten du: «Ia inork ez zuen espero ni honaino iristerik. Nik ere zail ikusten nuen. Sari bat bezala hartu dut. Txapelketa honetan inoiz baino maitatuago sentitu naiz. Ziur nago adinarengatik dela, jendeak ez zuelako espero ni hona iritsiko nintzenik».

Bilboko Bizkaia frontoian maitatua sentituko duena Jokin Altuna izango da. Amezketatik hiru autobus joango dira Bizkaiko hiriburura igandean. Bat goizez eta bi arratsaldez. Gauean, herri afaria egingo dute Larrunarri pilotalekuan. 400 lagundik gora elkartuko dira bertan, Jokin Altuna tartean dela. Horrez gain, eskualde osoa izango da finala jarraitzen. TOLOSALDEKO ATARIA-k ere jarraipen berezia egingo dio Olaizola II.aren eta Altuna III.aren arteko partidari. Egunean ataria.eus-en informazio guztia jartzeaz gain, astelehenean 16. orriko egunkaria argitaratuko du, igandeak emango duen guztiarekin.

Igandeko pilota jaialdia

Bilboko Bizkaia pilotalekuan jaialdia 17:00etan hasiko da. Lehen partidan Elezkano II.ak eta Martijak Arteaga II-Albisuren aurka jokatuko dute. Bigarren partida izango da Lehen Mailako Banakako Txapelketaren final handia. Gorriz Aimar Olaizolak jokatuko du eta urdinez Jokin Altunak. Partida irabazten duenak denboraldi osoan zehar izango du gorria soinean. Finala eta sari banaketa ekitaldiaren ondoren hirugarren partida bat jokatuko da Bizkaia frontoian. Elordi-Irustak Peña II.a eta Etchegoin izango dituzte aurkari. Jaialdirako sarrera guztiak agorturik daude.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!