Altuna III vs. Olaizola II Finala 2018

«Final hau desberdina eta aparta izango da»

Asier Imaz 2018ko maiatzaren 24a

Joxean Tolosa, 1989ko txapelarekin. Argazkia: pelotamanoremonte.blogspot.com

Amezketan oraindik Joxean Tolosaren (Amezketa, 1955) buruz buruko txapela gogoan dute. Igandean bigarrena nahi dute.

1989-2018.

29 urte. Nirea handia izan zen baina Jokinena ikaragarria da. 22 urterekin aurten bigarren finala jokatuko du. Lau t'erdiko txapeldun izan da, eta 22 urterekin buruz buruko finalera iristea, egin duen lanarekin, ikaragarria da. Zoriondu egin nahiko nuke. Poz ikaragarria da, batik bat, berarentzat, familiarentzat, lagunentzat, ingurunearentzat eta herri guztiarentzat. Herritar guztiok berarekin harro gaude; harro!

Retegi Bi, Urrutikoetxea eta Ezkurdia. Zaila zirudien.

Adar zaila tokatu zitzaiola esan genuen, eta horrela zen. Berarekin fede handia neukan, baina agian ez nuen pentsatzen oraindik finalera iritsiko zenik. Urrutikoetxeari irabazi dio, Ezkurdiari,

aurkari ikaragarriak dira. Oso zaila zeukan, baina jauzi handia eman du. Maila ikaragarria eman du eta merezita dago finalean.

Aurkaria beste pilotari handi bat: Aimar Olaizola.

Horrena ere handia da. Ni pilotari izan naiz eta badakit 38 urterekin nola egoten zaren: besoak jaitsita, hankak moztuta eta gorputza puskatzen hasita. Adin horrekin final batera iristeko gai direnak, besteen gainetik egon diren pilotariak dira; izar handi horietakoak bakarrik iritsi dira. Horrelakoak oso gutxi daude historian. Meritu ikaragarria dauka Aimarrenak. Bi pilotariak antzekoak direla esango nuke, gainera, burutsuak, teknikoak eta pilotari ikaragarriak. Kolpez ez dira izan beste batzuk bezala hautsi dutenak baina handiak dira.

Bi belaunaldi aurrez aurre.

Gaztea eta zaharra. Final guztiak izaten dira handiak, baina hau aparta izango da. Desberdina eta aparta.

Faboritoa?

Irekia dago. Biak dira lehiakorrak. Altunak ikaragarri lehiakorra dela erakutsi du txapelketa guztian. Nik agian gaztearen alde egingo nuke, beti egoten delako freskoago. Faborito bat ematekotan herritarra emango nuke: Jokin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!