Altuna III vs. Olaizola II Finala 2018

«Larrunarri pilotalekuko plaka jartzeko zain gaude»

Asier Imaz 2018ko mai. 22a, 12:44

Jokin Altuna txikitatik ezagutzen du Zazpi Iturri Pilota Elkarteko arduradunak, Xalton Zabalak. «Gauzak ondo» igandean Bilbon izango dela dio. Izan ere, Zabalak ez du Altuna III.aren partidarik galtzen.

Urrutikoetxearen aurka lau t'erdian jokatu aurretik, finalera malkorik bota gabe iritsi zinela esan zenuen, eta gogoa zeneukala. Buruz burukoan atera al da malkorik?

Bat edo beste bai. Ikaragarriak izan direlako azken partidak. Bai Urrutikoetxearen aurkakoa eta baita Ezkurdiarekin jokatutakoa ere. Finalerdietan nahiko jota ikusi nuen. Nire ustez, batez ere kantxan bero handia egiten zuelako. Beldur handia nuen txakalaldiren batek emango ote zion edo. Larri ibili zen. Eta horrelakoetan malkoren bat edo beste ateratzen zaizu.

Zuek sufritu zenuten, eta berak ere hori erakutsi zuen: sufritzen badakiela.

Hasieran, 13-6koarekin eta, gauzak errazegi zihoazen. Hor tantoa amaitzeko aukera izan zuen eta txapara joan zitzaion. Hurrengoan ere berdin, txapa. 14-11koarekin xixko eginda zegoela ikusi zen, eta gero sufritzea tokatu zitzaion. Eskerrak Saralegik oso ondo aukeratu zituen atsedenaldiak. Asmatu zuten. Behin sakea hartu zuenean berak ere bazekien hil ala bizi bukaera arte segitu beharra zeukala, eta ondo atera zen.

Txiki-txikitatik ezagutzen duzu Jokin Altuna. Inoiz pentsatu al zenuen buruz buruko finalera iritsiko zenik?

Bai, eta apustuak egin ere bai. Hiru-lau urtean txapela baietz atera. Oraindik ez du atera, baina finalean dago. Datorren urtean agian ez da egongo, beraz, aurten irabazi beharra dago.

Olaizola II.a.

Momentu honetan pilotako jainkoa. Baina inork botatzekotan zer ederragorik Jokinek botatzea baino.

Joxean Tolosak 1989an irabazi zuen buruz buruko txapela. Amezketako Larrunarri pilotalekuan plaka bat jarri zenioten. Berritze lanak medio, plaka kenduta dago oraintxe bertan.

Bai, oraindik jartzeko dago. Zain gaude, ea Jokinek zer egiten duen. Esan diet plaka luze xamarra jartzeko, ez delako txapela bakarra izango.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!