Altuna III vs. Olaizola II Finala 2018

Martinez de Irujo: "Banaka irabazi nahi baldin baduzu sufritu egin beharra daukazu"

Ataria 2018ko maiatzaren 18a

Hilaren 27an partida irekia ikusten du Juan Martinez De Irujok (Ibero, 1981).

Olaizola II.a Altuna III.aren aurka. Pilotazaleek desio zuten finala.
Zenbat buru, hainbat aburu. Batzuk gustura egongo dira Altuna III.a finalean dagoelako; beste batzuk Ezkurdia nahiago izango zuten. Kirola horrelakoa da.  


Nola ikusten duzu finala?
Punta-puntako bi pilotariren arteko finala ikusten dut. Finaletan esperientzia dute, nahiz eta Jokin Altunak buruz burukoa ez duen jokatu. Partida irekia ikusten dut, tantoa amaitzen biak espezialistak direlako. Horrez gain, biek dakite kantxan sufritzen.  


Aimar Olaizolak 2013an irabazi zuen bere azken txapela buruz burukoan. Zure aurka izan zen. Orduko eta oraingo Olaizolaren artean zer aldatu da?
Orain Aimarrek urte gehiago, esperientzia gehiago eta beste patxada bat dauka. Kolpean eta mugimenduetan freskotasun pixka bat galdu du, baina hala eta guztiz ere final batera iritsi baldin bada zerbaitengatik izango da. Punta-puntan dago, eta batez ere, asko jokatzen du.


Nola ikusten duzu Jokin Altuna?
Buruz buruko final bat inoiz ez zuela jokatuko esaten zen..., baina argi dago badakiela kantxan sufritzen. Banakakoan irabazi nahi baldin baduzu sufritu egin behar duzu. Gero artista bat da. Pilota oso ondo ezkutatzen du; nahi duen lekura botatzen du eta tantoak amaitzen daki. Ezaugarri horiekin asko daukazu irabazita edozein modalitatetan. Hala eta guztiz ere, Jokinena ez da azken asteko kontua. Urte asko daramatza maila altuan jokatzen, eta oraindik ere denbora asko dugu aurretik berarekin gozatzeko.  


Faborito bat?
Ez naiz bustiko, partida irekia ikusten dudalako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!