Altuna III vs. Olaizola II Finala 2018

«Jokin Altunak seguru badakiela finalean faboritoa bera ez dela»

Asier Imaz 2018ko mai. 16a, 13:04

Astelehen arratsaldean agortu ziren Jokin Altunak eta Aimar Olaizolak hilaren 27an Bizkaia pilotalekuan jokatuko duten finala ikusteko 3.000 sarrerak. Bertan egongo dena Ekaitz Saralegi (Amezketa, 1979) izango da, Altuna III.aren botilero lanetan.

Olaizola II.a eta Altuna III.a, nor baino nor. 

Nork esango zuen orain Aimar eta Jokin buruz buruko finalen ikusiko genituenik. Baina denak ikusita, nire ustez bi onenak iritsi dira finalera, merezimendu osoz. Jendearentzat uste dut partida erakargarria geratu dela.

Olaizola II.aren azken txapela 2013an izan zen, Juan Martinez de Irujoren aurka. Bost urte pasa dira. 

Denok dakigu zein pilotari puska den Aimar. Azken urteetan ez da egon finalen, baina orain hemen da. Garrantzitsuena guretzat Jokin egotea zen. Noren aurka berdin zion. Lau t'erdikoa irabazi zuen, binaka txapelketa handia egin du eta orain buruz buruko final handian dago. Behin eskatzen hasita txapela eskatuko diogu, baina hori finalean ikusiko da. 15 egun hauetan deskantsatu eta partida prestatzea tokatzen da. 

Julen Retegiri irabaztea koska bat igotzea izan zela esan zuen Jokin Altunak. Gero Urrutikoetxea eta Ezkurdia etorri dira, biak txapela janzteko faboritoak, eta hauei ere irabaztea lortu du. 

Txapelketa hasieratik hiru faborito zeuden, nabarmen. Irribarria, Urrutikoetxea eta Ezkurdia. Horietatik biri irabazi die Jokinek. Orain jendeak faboritoa bera dela esango du, baina Jokinek seguru badakiela ez dela horrela, finalean Aimar Olaizola dagoelako. Horrelako pilotari handiak finaletan hazi egiten dira, Jokin bera hazten den bezala. Iruditzen zait partida handi bat ikusteko aukera izango dugula.

Maiatzaren 27ra bitarte zer egingo duzue?

Gu behintzat lanera joan. Berak egun pare bat deskantsatu ondoren prestatzen hasi beharko du. Ezer handirik egin gabe. Bilbora etorri, entrenamendu pare bat egin, pilota aukeraketara joan eta listo. Egin beharreko lanak eginda daude jada. Orain alfer-alferrik da entrenamendu gogorrak egitea, dena kalterako izango litzateke; min hartzeko arriskua. Frontoiarekin kontaktu pixka bat bai, baina gozo-gozo.

Joxean Tolosak eraman zuen buruz buruko txapela Amezketara. 

Eta urte batzuk pasa dira. Zoragarria izango litzateke berriz Jokin Altunak txapela hori eramatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!