Urrutikoetxea: «Altuna III.a aurkari arriskutsua da oso»

Ataria 2018ko apirilaren 26a

Jokin Altunak eta Mikel Urrutikoetxeak gaur arratsaldean egin dute maiatzaren 1ean Donostiako Atano III.a frontoian elkarren aurka jokatuko duten partidako pilota aukeraketa. Antzeko pilotak aukeratu dituzte.

Julen Retegiri 22-12 irabazi ostean, Altunak datorren asteartean jokatuko du Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetako norgehiagoka. 17:00etan hasiko da jaialdia, eta aurrez promozio mailako partida jokatuko dute Erasun zizurkildarrak eta Ugaldek.

Pilotekin konforme geratu dira bi protagonistak. Altuna III.ak 105 eta 105,5 gramoko pilotak aukeratu ditu. Pilotari bizkaitarrak, berriz, antzeko pisua dutenak: 105,2 eta 105,1 gramokoak.

Zaratamoko pilotariak amezketarraren arriskuaz ohartarazi du aukeraketa ostean: "Ez dut aintzat hartzen Jokin buruz buru pilotari peto-peto ez dela entzutea. Oso arriskutsua da, tantoak erraz bukatzen ditu, jo ere egiten du, eta defentsan onenetarikoa da”.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!