Hiru hitzaldi eta mendi irteera prestatu dituzte Amezketako Mendi Astean

Tolosaldeko Ataria 2018ko api. 19a, 10:32

Beste urte batez, Buruntzunzin Mendi Elkarteak Amezketako Mendi Astea antolatu du. Hiru hitzaldi-emanaldi eta Pirinioetara asteburuko irteera prestatu dituzte.

Astelehenean hasiko da Mendi Astea, eta asteazkenean zein ostiralean hitzaldi-emanaldi bana izango dira kultur etxean.

Herritar bat izango da hasiera emango diona asteari. Jokin Artolak Transpirenaika moduan ezagutzen den GR11 bidea egin zuen oinez eta horren berri emango du emanaldi baten bidez. «Ohikoa izaten da herritarren bat izatea Mendi Astean», azaldu du Luis Sagastume antolakuntzako kideak. «Gainera hori izaten da normalean gehien erakartzen duen ekitaldia».

Bigarren emanaldi-hitzaldian Perura bidaia proposatuko dute Andoni Arregi tolosarrak eta bere sokakideek. Iazko udan joan ziren bertara eta, besteak beste, Alpamayo mendi ezaguna igo zuten, ia 6.000 metroko garaiera duena. «Munduko mendi politenetakoa dela esaten da», azaldu du Sagastumek. «Bere zailtasun teknikoa badu mendi horrek. Horren berri emango dute bideo-argazki emanaldi baten bitartez».

Indiara bidaiatuko dute hirugarren hitzaldi-emanaldiarekin. Nun dago nun? izena du saioak, eta, hain justu, Nun izeneko mendira egindako espedizioaren berri emango dute Mikel Diez zumarragarrak eta Xabi Urrate urretxuarrak. «7.135 metroko altuera du eta isolatuta dagoen mendi bat da», esan du Sagastumek. «Jende gutxi joaten da bertara, eta eguraldiarengatik ez da erraza bertara igotzea».

Azkenik, hilaren 28-29ko asteburuan Pirinioetara irteera antolatu dute. Dagoeneko itxita dago izen ematea eta 20 pertsona inguru joango dira. 28ko bazkalostean abiatuko dira eta Aragues-Jasa bailarara joango dira, eta gaua Lizaran mendi aterpean pasako dute.

EGITARAUA

Apirilak 23, astelehena
20:00. GR11, bi itsasoren artean oinez, Jokin Artolaren Transpirenaikako bizipenak. Kultur etxean.

Apirilak 25, asteazkena
20:00. Peru 2017 espedizioa hitzaldia, Andoni Arregi eta bere sokakideen eskutik. Kultur etxean.

Apirilak 27, ostirala
19:30. Nun dago nun hitzaldia, Mikel Diez eta Xabi Urrateren eskutik. Kultur etxean.

Apirilak 28 eta 29
Pirinioetara irteera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!