Zazpi Iturri nazio mailako finalean da

Asier Imaz 2018ko ots. 5a, 15:55

Euskal Herriko IV. Pilota Elkarteen Arteko Nazio Txapelketaren bigarren finalerdia jokatu zen, igandean, Tolosako Beotibar pilotalekuan.

Giro bikaina jarri zuten 300 pilotazale baina gehiagok. Amezketarrak izan ziren nagusi, eta joko benetan bikaina erakutsiz.

Lau t’erdiko partida Zubiriak jokatu zuen Zazpi Iturri ordezkatuz. Buruzgainek Astiz kantxaratu zuen. Lehen zatia oso parekatua izan zen, baina 10-10ekotik aurrera, berrobitarraren gantxo zoragarriek ez zuten erantzunik izan. Klase handiko partida jokatu ondoren, lehen tantoa amezketarrentzat izan zen, 18-11ko emaitzaz.

Bigarren partida borrokatua izatea espero zen, baina faborito garbia Buruzgaingo Otxandorena zen. Kantxa osoan banaka aritzeko amezketarrek Ioritz Egiguren tolosarra aukeratu zuten. Ikuskizun aparta eskaini zuen Egigurenek, Otxandorena bere onetik ateraz. Amaieran, 18-5 eta bigarren puntuarekin finalerako txartela Zazpi Iturrikoentzat.

Hirugarren partidan ez zegoen ezer jokoan, baina lau pilotariek ikuskizun polita eskaini zuten. Peru Labaka zizurkildarra nabarmendu zen, beste behin ere artista izaera duela erakutsiz. Tanto ikusgarriak amaitu zituen, eta partida Aizpururen laguntzarekin 22 eraman zuen. Iriarte eta Sarasa 16an geratu ziren.

Finala otsailaren 18an, igandean, jokatuko da Tolosako Beotibar pilotalekuan, 17:30etik aurrera. Alde batetik Amezketako Zazpi Iturri elkartea egongo da, eta bestetik, Irurtzun. Antolatzaileek ezusteko ugari izango direla nabarmendu dute, eta pilota partida ikusgarriak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!