Zazpi Iturri, finalaurrekoan

Ataria 2018ko urtarrilaren 22a

Doneztebeko Errekari 2-1 irabazi ostean, amezketarrek Buruzgainen aurka jokatuko dute finalaurrekoa, otsailaren 4an, Tolosako Beotibar pilotalekuan.

Euskal Herriko Kluben arteko Txapelketa Nazionaleko finalaurrekoan da Zazpi Iturri. Lau t'erdiko eta eskuz banakako neurketak irabazita egin du aurrera Amezketako taldeak.

Lehen neurketan, lau t'erdikoan, Zubiria 18-9 garaitu zuen Aldabe. Berrobitarrak argi utzi zuen espezialista dela kaiolakoan. Eskuz banaka, Egiguren tolosarrak neurketa bikaina jokatuta 18-8 hartu zuen mendean Tabar beteranoa. Eskuz binaka, berriz, doneztebetarrak izan ziren garaile. Peru Labakak eta Aizpuruk osatutako bikoteak ezin izan zuen Barandiaran eta Mariaezkurrenaren aurka: 18-22, amaieran.

Hortaz, Amezketako taldea finala jokatzeko pauso bakarrera dago. Ultzamako Buruzgain taldearen aurka arituko dira amezketarrak, otsailaren 4an, Beotibarren. Beste finalaurrekoa, Irurtzun eta Hernaniren artekoa, igande honetan jokatuko dute, hau ere Tolosan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!