Amezketako Larrunarri pilotalekua berritzen hasiko dira astelehenean

Ataria 2017ko abenduaren 7a

Hurrengo astelehenean, abenduak 11, Amezketako Larrunarri pilotalekua berritzen hasiko dira. 7-8 aste iraungo dute lanek eta Gasteizko Indenort PV SL. enpresak egingo ditu; 314.542,51 euroko (BEZ barne) aurrekontua izango du. 

Amezketako Udalak Larrunarri pilotalekua erabat ixtea erabaki du obraren zuzendaritzarekin batera, egin beharreko lanak ikusi (harmailak berritu, instalazio elektrikoa berritu, frontoiko paretak berriro pintatu….) eta herritarren segurtasuna "bermatzeko" asmoz.

Gaztelekuko ekintzak Haurtzaindegi zaharrean egingo dituzte; frontoiko ohiko jarduerak, entrenamenduak eta partidak, berriz, herriko beste pilotalekuetan. Udalak jakinarazi duenez, frontoi ondoko eremu batzuk erreserbatu egin dituzte enpresaren ibilgailuentzako eta material eta hondakinak pilatzeko. 

Udalak nabarmendu du, halaber, herriko plazan karpa bat jarriko dutela herritarrek aterpe bat izan dezaten, eta "pazientzia" eskatu diete herritarrei, "lanek mereziko dutelako".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!