[Harmailetatik] Artista baino gehiago

Jexux Murua 2017ko aza. 21a, 07:55

Hitzak ez dira nireak. Ekaitz Saralegik esanak dira Jokin Altunari buruz, partidako azken tantoari buruzko azalpenak ematen ari zela: «Erakutsi du artista baino gehiago dela».

Bizitu dugun aurtengo lau t'erdiko txapelketako finalean, hori izan da nire ustez ere garbien geratu dena: dagoenerako, 21 urte baino ez dituelako diot dagoenerako, pilotari oso-osoa dela Altuna III.a. Ez da denok ahoan irribarre batekin uzten gaituen pilotari harrigarria bakarrik, gutxien pentsatzen dugun jokaldia egin eta aho zabalik uzten gaituen pilotari gazte ikusgarria soilik. Finalaren bezperetan denok goraipatu dugu Jokinen artista izaera, aipatu eta goraipatu dugun bezala Urrutikoetxearen jokoaren bizitasuna, indarra eta zulorik eza: buruz gogorra, fisikoki indartsua, sakatzen zein errestatzen tatxarik gabea, tantoari eusten eta pilotak harrapatzen fenomenoa, erasoan eta aire jokoan bikaina, tantoa bukatzen dakiena. Azken hiruretan Jokinek inori inbidiarik ez diola genioen denak, baina lehen hiruretan oso indartsu sumatzen genuen bizkaitarra eta zalantzak Jokin horri eusteko gai izango ote zen. Jokoan tantoari eusteko askotan erakutsitako gaitasunak ematen zigun konfiantzarik, baina batik bat amezketarraren artista izaera eta senean genituen jarriak txapela irabazteko itxaropen ia guztiak, beraz.

Bada, bere izaera jolastia eta tantoa egiteko erraztasuna traizionatu gabe, lehen hiruretan oinarritu da Altuna III.a bere lehen txapel handietakoa janzteko. Liluratu gaitu egin dituen tanto eder askorekin, artistakeria hutsak, baina, hauei itzalik egiteko asmorik gabe, sake errestatzen egindako hobekuntza, bi bakarrik utzi ditu jiratu gabe, eta une zailetan erakutsi duen sendotasuna nabarmenduko nuke nik: bi sake faltak egindakoan burua ez galtzeko izan duen ahalmena, aurreko beste askotan egin bezala, azken tantoan pilota ezinezkoa harrapatzeko izan duen fedea, pilotari eman dion bizitasuna aurkaria menderatu arte, edo tanto itogarriak jokatu eta gorputzari buelta emateko izan duen gaitasuna.

Artista aritu da erasoan, berak nahi baino tanto gehiago galdu ere egin ditu buruak agindu diona egin nahi izateagatik, baina bikain aritu da sake errestoan, pilota zail asko bildu du Urrutikoetxea bat gehiago jotzera behartuz, eta buruz oso sendo egon da. Frogatuak dituen kualitate teknikoei, aipatutako beste guztiak gehitu dizkio, eta txapelduna dugu eskualdean, luzera poz gehiago emango dizkiguna ziurrenera. Zorionak berari eta bere ondoan izan dituen guztiei.

Erlazionatuak

AURTEN BAI!!

Tolosaldeko Ataria 2017 aza 19 Amezketa

Altuna txapeldun!

Tolosaldeko Ataria 2017 aza 20 Amezketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!