AURTEN BAI!!

Ataria 2017ko azaroaren 19a

Jokin Altunak 22-21 irabazi du 4t'erdiko finala Mikel Urrutikoetxearen aurka. Sekulako maila erakutsi dute bi pilotariek. Partida ikusgarria izan da. Leporaino bete da Bizkaia pilotalekua.

"Aurten bai, aurten bai" errepikatzen zuten partida amaieran Tolosaldea guztitik Bizkaia pilotalekura hurbildu diren Altunazaleek. Kuadrillakoak, eserlekuan ezin egonak jota, kantxara irten dira txapelduna besarkatzera. Ez da gutxiagorako, ez sinesteko finala jokatu baitute Altuna III.ak eta Urrutikoetxeak.

Amezketarrak bikain hasi du finala, 1-6 aurreratu da markagailuan. Tarte horretan arriskatzera eta txapela irabaztera zihoala argi erakutsi du. Baina Urrutikoetxea ez da alferrik izan txapelketako pilotari onena, final erdiak arte, eta markagailua berdindu du 7na jarri arte. Hala ere Amezketarrak berean jarraitu du, eta lehen atsedenaldira aurretik joango zela ematen zuen. Zaletu Bizkaitarren gozamenerako ordea, pilotari Zaratamoztarrak jokoan nagusitasuna erakutsi du hurrengo tantoetan, lehen eta bigarren atsedenaldira 12-10 eta 18-16 iritsita.

Hurrengo tantoetan sekulako emozio eta tentsioa izan da pilotalekuan. 18-19 aurreratu da Altuna; 20-19 Urrutikoetxea eta bi tanto jarraian eginaz, 21-20 jarri da amezketarra aurretik. Txapela tanto batera zuen Amezketarrak baina Zaratamoztarrak 21.a egin du. Iazko finaleko oroitzapenak pasa zaizkio bati baino gehiagori burutik momentu horretan.

Baina aurtengoan aurpegia atera da gurutzea beharrean, a zer tantoa!

Sake errestoan dena galdua zela ematen zuen, baina Altunaren defentsa bikaina eta Urrutikoetxeak kontra kantxara botatako pilotari esker, partida eta txapelketa erabaki duen tantoa urdin erori da. Txapela Amezketara eta eromena eskualdera.

Orain gozatzea tokatzen da.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!