Bederatzi eguneko egitaraua kultur asterako

Imanol Garcia Landa 2017ko aza. 2a, 07:37

Bihartik hasi eta San Martin Egunera arte ekitaldi sorta zabala izango da Amezketan; asteburuan Ergoneko festak eta azoka egingo dira.

Ekitaldi ugariz jantzita dator Amezketako Kultur Astea. Bihar hasiko dira eta azaroaren 11n bukatu, San Martin Egunarekin batera haur, gazte eta helduentzat ekitaldi sorta proposatuz. Bihar artoa izango da protagonista, Ierabizkar errotara egindako bisita eta ondoren Larrunarri frontoian egingo den talo jatearekin.

Asteburuari begira, etzi hirugarrenez izango dituzte Ergoneko festak, tartean bazkaria eta afaria eginez. Igande goizean azoka egingo dute, eta herritarrei «dotore-dotore» joateko deialdia egin zaie. Arratsaldean, Erradikalak gara emanaldia ikusteko eta entzuteko aukera izango da kultur etxean.

Hurrengo astean bi hitzaldi izango dira. Batetik, Aralarko arkuek eta bestetik Madagaskar izango dira hizpide. Bi emanaldi ere izango dira, bat Sexijentziak izenekoa eta bestea musikarekin lotua, zenbait herritarrek pianoarekin kultur etxean emango dutena. Ikus-entzunezkoa ere izango da, hain justu, Jon Maiaren Gutik Zura dokumentala, egilea bertan dela. Tailerra ere, kasu honetan perkusioarena. Garagardo festa ere ospatuko da eta amaiera emango dio San Martin Egunak, tartean izen bereko ermitan elkartuz eta arratsaldean haurrentzako ekitaldiak eginez herriko plazan.

 

KALITATEZKO PRODUKTUAK

Igande honetako azokan postua jarriko dutenetako batzuk izango dira Zuzitza baserrikoak. Luis Mari Arandia eta Maite Odriozola aritzen dira baratzean, eta postuan Maiterekin batera Iñaki semea izaten da.

Hainbat produktu eskaintzen dituzte postuan: babarrun txuri eta beltzak, letxugak, porruak, lekak, eskarolak, azak, fruta, tomatea, piperrak... Astebete aurretik etxean egoten dira prestatzen, baratzetik zer hartu eta zenbat hartu begiratzeko. Gero, igandean nahiko goiz ateratzen dira, dena garaiz prest eduki ahal izateko.

Amezketakoaz gain, Amasako azoka berezian izan ziren orain hiru urte. «Barazkiak eta udazkeneko produktuak eman genituen, eta izugarrizko arrakasta izan zuen», esan du Odriozolak. «Aurreko urtean deitu nien jakiteko egingo ote zuten, baina ez zutela egingo erantzun zuten eta gehiago ez dute jarri. Eta pena ematen du egia esan, horrelako ekintzari urtean behin ezin eutsi izateak».

Amezketan salmenta ona izaten dutela diote. «Jendea ari da konturatzen hemengo produktuek beste zapore bat dutela eta orain ari da jendea begiak zabaltzen», esan du Odriozolak. Aurreko urtean arrakasta handia babarrunek eta baserriko arrautzek izan zuten, baita mizpirek eta errege sagarrek ere. Barazkien aldetik ere ondo saldu zutela dio Odriozolak. «Beste motibazio bat ematen du esaten dizutenean erosi dutena goxoa dagoela». Babarrunik gabe geratzea eta jendeak aparte eskatzea «kalitatearen seinale» dela gaineratu du. Herriko dendara ere urte guztian eramaten dute.

Baratzearen ardura nagusia senarrak duela dio Odriozolak: «Nik asteburutan-eta laguntzen diot, baina astegunetan ezin dut horretan aritu. Berak gauzak prestatzen ditu baina ez zaio postuan egotea gustatzen, semea eta biok aritzen gara». Baratzearekin egunero gainean egon behar dela gaineratu du. Bestalde, udazkena «oso ondo» doala dio: «Babarrunak oso ondo heldu zaizkigu, izugarri bildu dugu, aurreko urtearen bikoitza eta kalitate aldetik ere ona».

 

HERRITARRAK KANTUAN ELKARTZEKO

Egitasmo berri bat jarri dute abian herrian eta azoka egunean jarriko da martxan: Amezketa Kantari. Euskal abestiak abestuz kantu jira egitea, alegia. Antton Amondarain bertako kideak azaldu du nola sortu zen ideia: «Irakurketa talde batek funtzionatzen du Amezketan duela hamabi bat urtetatik. Bost saio egiten ditugu urtean zehar, beraz, bost liburu irakurtzen ditugu, eta bertan gabiltzan jendearen artean ikusi genuen bazegoela hutsune bat hor. Beste herri batzuetan egiten da, eta kontua da badagoela Amezketan gogoa, baina ez zegoela egiturarik».

Asmo horretatik abiatuta, beste herritar batzuekin hitz egin zuten, deialdi publiko bat egin aurretik. Ikusi zuten harrera baikorra zuela eta deialdia egin zuten lehen entsegu baterako. Gutxienez hamabost pertsona elkartu ziren bertan. «Jendea gustura geratu zen», azaldu du Amondarainek. «Pentsatu genuen azoka izatea abiapuntua, eta bertan espero dugu jende gehiago elkartzea. Hortik aurrera ikusiko dugu zenbatean behin egin entseguak eta zein eremutan abestu daitekeen. Hasi hasiko gara, eta ikusiko dugu zer harrera duen».

Euskal kulturaren esparruan kokatzen dute egitasmoa: «Irakurketa taldekoa ere ekarpen txiki bat den moduan, Amezketa Kantari ere ikusten dugu baikorra izan daitekeela eremu horretan. Era berean, jendearen nahia eta afizioa gauzatzeko modu bat da».

Igandean, Azoka Egunean, frontoiaren parean elkartuko dira 12:30-13:00 inguruan. Musikarien bila dabiltza, «pixka bat aberasteko eta batetik bestera joaterakoan ibilaldi hori gorpuzteko». Amezketa Kantaritik deialdia egin diete abestera joan nahi duten guztiei bertara azaltzeko.

Erlazionatuak

Amezketako Kultur Asteko egitaraua 2017

Tolosaldeko Ataria 2017 aza 01 Amezketa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!