Ertzainek estelada kendu dutela salatu dute amezketarrek

Tolosaldeko Ataria 2017ko urr. 10a, 15:08

Gertaerak larunbat gauean izan ziren. Aurrez ere, herri sarrerako estelada kendua izan zela salatu dute. Oraingoan, ordea, Kataluniako ikurra kentzen harrapatu zituztela adierazi dute.

Amezketako herri sarreran artzain baten eskultura dago, biribilgunean. Bertan, makil batean ikurrina eta estelada jarriak zituzten herritarrek. Desagertu egin ziren, ordea. Ondoren berriz jarri zituzten leku berean, baina susmoak zituztenez, zaintza ere jarri zuten. "Larunbat gauean Ertzainen furgoneta bat egon zen biribilgunearen ondoan, 23:30etik 00:30era. Haietako bat biribilgunera gerturatu eta makilari tiraka hasi zen. Oraingo honetan ikurrina bertan utzi zuten, baina estelada eraman zuten", azaldu dute amezketarrek. Gertaera grafikoki ere hartu zuten.

Bat kendu eta bestea jarri. Hirugarren estelada hurrengo egunean Amezketako sarreran zen. Oraingo honetan, ordea, biribilgunearen ondoko zuhaitzaren puntaren puntan.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!