Amezketako pilotalekuaren berriztatzea onartu dute

Ataria 2017ko irailaren 29a

Irudian, Amezketako Larrunarri pilotalekua.

Harmailak maila berean jarriko dituzte eta eserleku egoki eta erosoak jarri, eta irisgarritasuna hobetuko dute, besteak beste.

Amezketako Larrunarri pilotalekua 1989. urtean inauguratu zuten. Egitura ondo dago, baina araudia aldatzen joan da eta eraikinak egokitzapenak behar ditu. Hori dela eta, erabaki du udalak berriztapena egitea. Pasa den irailaren 14ko ohiko osoko bilkuran onartu zuten proiektua. Pilotalekua indarrean dagoen araudira egokitzeaz gain, beste hainbat lan egingo dituzte bertan: harmailak maila berean jarriko dituzte, eserleku egoki eta erosoak jarriko dituzte, irisgarritasuna hobetuko dute, kirol ekitaldi edo bestelako ekintzak egiten direnerako berogailu sistema jarriko dute, plaza aldera dauden saretak edo pertsianak kendu eta kanpoaldea bereizteko beirate luze bat jarriko dute eta azkenik, pilotaleku guztia pintatuko dute.

Lanak azaroaren 15etik aurrera hasi nahi dituzte eta 10 aste beharko dituztela aurreikusi dute eta ondorioz, aste batzuetan ezingo da ez frontoia ezta gaztelekua ere erabili. Lanen aurrekontua 381.421 eurokoa da eta 113.134 euroko diru laguntza jaso du udalak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!