Udako azken torneoan ariko da Altuna III.a

Ataria 2017ko irailaren 15a

Irudian, Altuna Merino II-arekin, Andra Maria Zuriako txapela irabazi berritan.

Jokin Altuna pilotari amezketarrak parte hartuko du Logroñoko Adarraga pilotalekuan jokatzen den San Mateo Torneoan, udako azkena. Aspe eta Asegarce enpresetako pilotariek nahastuta jokatuko dute, eta Altunari Untoriarekin jokatzea egokitu zaio. Bi talde egin dituzte, bakoitza hiru bikotez osatuta. 

Amezketarraren taldeko beste bi bikoteak Victor-Rezusta eta Bengoetxea VI.a-Merino II.a dira. Hiru bikoteek elkarren artean jokatuko dute eta taldeko lehenak jokatuko du finala.

Altunak eta Untoriak lehenengo partida asteartean izango dute, beste bi bikoteek etzi jokatuko duten partidako galtzaileen aurka. Bigarren partida ostegunean jokatuko dute, etziko irabazleen aurka. Finala irailaren 24an jokatuko da. Pilotari amezketarrak iaz jokatu zuen finala Albisu bikote zuela, eta galdu egin zuen 22-21 Ezkurdia eta Rezustaren aurka.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!