Amezketako San Bartolomeak 2017

Mozorrorik onena, erakustaldia

Ataria 2017ko abu. 24a, 18:21

Herriko patroiaren eguna ospatzeaz gain, amezketarrek, gorputza eraldatzeko aukera dute gaur. Eguerdian, gainera, herri kirol saio bikainaz gozatu ahal izan dute, eta bazkaria txakolinarekin laguntzeko aukera ere izan da frontoian.

Eguzkiak bete-betean jotzen zuenez, txistulariek eta ikusleek, Amezketako plazako zuhaizpeak aprobetxatu dituzte. Baita ondo egin ere. Ederki berotzen zuen, eta kirolariek ere gogotik izerditu dute. 40 minutu inguruko lanean, gogotsu aritu dira Iker Vicente eta Xabier Orbegozo Arria V.a aizkolariak eta Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.a harri-jasotzailea. Amaieran, bertaratu direnek, txaloz eskertu dute hirurek egindakoa.

Otsagabiako eta Errezilgo aizkolariek, lau lan ezberdin egin dituzte: Kolpekakoan, Iker izan da garaile, 38 aizkorakadekin, Arria V.ak bi gehiago behar izan dituelarik. Bi segundo horiek, ordea, zutikako lanean berreskuratu ditu errezildarrak. Etzandako enborrean, pare-parean egon dira denborak, eta azken saioan, zortzi enbor moztu behar zituztenean, lehen galdutako bi segundo horiek, berriro sartu dizkio Ikerrek Xabierri. Harrigarria izan da nafarrak azken enborrean egindakoa, hamalau segundoz atzetik baitzen zazpigarrena ebakitzerako. Amaieran Iker garaile, baita Arria V.aren laguntzailea ere, gipuzkoarrak zortzi enborrak ebakitzeko behar izan duen denbora asmatu baitu, lanean hasi baino lehen idatzi duena (15 minutu).

Eta aizkolariek lan ikusgarria egin badute, Izeta II.a ez da atzean geratu. Honek ere, lau lan ezberdin egin ditu. Lau harri ezberdin plazaratu ditu, gaurkoan, aiarrak. 125 kilotako errektangularrari, 15 jasoaldi eman dizkio bi minuturen inguruan, 113 kilotako kubikoa 12 aldiz altxatzeko, berriz, minutu eta erdi behar izan ditu, eta 100 kilotako zilindroa (esku bakar batez), 15 aldiz jaso du beste hainbeste segundotan.

100 kilotako bolarekin amaitu du erakustaldia urte amaieran plazak utziko dituen harri-jasotzaileak. Amezketan jaso duen azkena izan da, eta herritarrei, beraiek egindako txaloak eskertu nahi izan dizkie, harria sorbaldan hartuta, plazari buelta eman diolarik. Ondoren, herritarrek sabela betetzeko aukera izan dute Larrunarri pilotalekuan, norberak etxetik eramandako jakiekin, eta udaletxeak bertan jarritako Gaintza, Ameztoy, Akarregi Txiki eta Rezabal txakolinekin lagunduta. Tartean aurpegi ezagunak ere ikusi dira. Mozorro egunak, arratsaldean eta gauean ere izango du jarraipena, mus txapelketa, mozorro sariketa, bertsolariak edota gauero egiten duten bingoan. Ikusi hemen San Bartolome egunerako osatu duten egitaraua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!