Abuztuaren 23an, arratsaldeko 20:30ean, jaitsiko da eulia Amezketako udaletxera, eta bertan egingo zaio ondorengo agurra, festei hasiera emateko. Hala ere, egun guztian zehar ekitaldi ugari antolatu dituzte, etxeko txikienei eskainiak gehienak. Puzgarriak eta jolasak egun guztian zehar, tartean bazkariarekin, eta txokolatea edatea eta buruhandi eta txistulariak arratsaldean. Eguna borobiltzeko, Zahagi ardoa, eta trikitilariekin erromerian dantza egiteko aukera izango da, goizaldera arte.
Egun handia baina, Abuztuaren 24an helduko da, San Bartolome eguna eta mozorro eguna ospatzearekin batera. Meza nagusia, herri kirolak eta txakolin dastaketa goizean, eta XII. mus txapelketa eta mozorroen sariketa arratsaldean dira jarduera aipagarrienak. Mozorro eguneko sariketarako, bi kategoriatan banatuko dira herritarrak: 16 urte artekoak eta 17 urtetik gorakoak. Lehen sailan, 75, 50 eta 25 euro emango dituzte dirutan, eta bigarrenean, berriz, 150, 100 eta 75 euroko sariak. Ondoren, Altuna anaiak frontoian, bertso saioa izango da, eta goizaldera arte, Xarma taldearekin, erromeriaz gozatzeko aukera izango da.
XVII. pilota txapelketa herrikoieko finalekin ekingo diote biharamunari amezketarrek. Kuadrillen eguna ospatuko dute, ajeari aurre egin nahian, eta horrelako egun bat ondo ospatzeko beharrezkoa den bazkaria egingo dute eguerdian. Gauean, berriz, zahagi sagardoan sabela bete eta Iratzar taldearekin indarrak hustutzeko aukera izango dute herritarrek. Emanaldiaren atsedenaldian, gauero bezala, bingoa egingo dute. Antza, bingoan jokatzeko unea, berezia eta umoretsua izan ohi da, eta geroz eta jende gehiago biltzen duela esan genezake.
Larunbatean, euliari agur esan baino lehen, haur eta gaztetxoekin herri kirolak izango dira, haur eta gaztetxoekin. Ondoren, berriz, patata tortilla lehiaketa eta sagardo dastaketa egingo dituzte, eta eulia lurperatu aurretik, Fun&Go taldearen doinuak entzunez, dantza egiteko aukera izango da, eta erromeriarekin jarraitu aurretik, txekorra zozkatuko dute. Igandean, berriz, profesionalen arteko pilota partidak ikusgai, Larrunarri pilotalekuan.
Ikusi hemen egitaraua.