Amaitu da XXVII. Joxan Tolosa Txapelketa

Ataria 2016ko irailaren 4a

Jendez bete da Amezketako Larrunarri pilotalekua Joxan Tolosa txapelketako finalez gozatzeko. Apezetxea, Etxeberria eta Santxo izan dira txapeldun.

Kadete mailako partidarekin hasi dira finalak, bertan, Apezetxea eta Mata aritu dira nor baino nor. Apezetxea atera da garaile 18 eta 15eko markagailuarekin. Partida oso indartsu hasi ditu Apezetxeak zazpi eta hutseko markagailuarekin. Azkenean 17 eta 15eraino gerturatu da Mata baina ezin izan du Apezetxea gailendu.

Bigarren partidan, Alberdi eta Etxeberriaren txanda izan da. Partidaren zati handi batean Alberdi aurretik joan bada ere, 14 eta 8ko markagailuarekin, azkenean Etxeperria gailendu da 14 eta 18.

Azken partidan, ez da kolorerik egon, Santxo gailendu da 18 eta 2ko markagailuarekin. Perezek nahi eta ezina erakutsi du eta ezin izan du ezertxo ere egin Santxoren aurka. 

Pilota partidak ikusteaz gain, bertsoentzako ere lekua izan da eta bertan izan da Peñagarikano bertsolaria. Beste alde batetik, Jaka, Irribarria, Urruzola eta Altuna bezalako pilotariak ere izan dira bertan, eta nola ez, Joxan Tolosa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!