Jokin Altuna: «Denbora tartea kontuan hartuta, inoizko boladarik onenean nago»

Iñigo Otaegi 2016ko abu. 9a, 18:03

Argazkia: Asegarce.com

Jokin Altunak (Amezketa, 1996) Gasteizko Ama Zuriaren Torneoa irabazi zuen atzo, Zabaletarekin batera. Txapelketaz eta bere sasoiaz hitz egin du Atariarekin.

Orain dela aste eta erdi, Bizkaia Torneoa irabazi zenuen. Atzo, Ama Zuriaren Torneoa. Bolada ezin hobea daramazu Jokin.

 

Partida dezente jokatzen ari naiz uda honetan, eta hori garrantzitsua da torneoetara ondo iristeko. Gainera, erregulartasun maila ona izatea funtsezkoa da, eta noski torneoak irabazteak ilusio handia egiten du. Oraingoz, Bizkaia Torneoa eta Ama Zuriaren Torneoa irabazita, uda oso ondo doa eta pozik egoteko moduan nago.

 

Atzoko finalari erreparatuz, 0-9 aurreratu zineten, eta bigarren zatia ere bide beretik joan zen; azken emaitza 22-6 izan baitzen. Zuk, 12 egindako.

 

Partida borobila izan zen. Finalerdian, Zabaleta deseroso zegoen, pilota batzuk galtzen; tanto gehienetan agindu egin ziguten, eta lan zailagoak izan genituen. Atzoko kasuan, gu izan ginen partida agindu zutenak. Aukera asko izan genituen, eta horrelakoetan oso garrantzitsua da tantoak bukatzen asmatzea; atzokoan, gauzak ondo atera ziren.

 

Txapelketa bere osotasunean hartuta, ez dago esateko kontu handirik: torneoko pilotaririk onena.

 

Atzoko finalean ondo jokatu genuen, baina, saria jasotzearen arrazoi nagusia, finalerdia izan zen. Partida hasieratik agindu ziguten Ezkurdiak eta Rezustak; Zabaletak esan zidan nekatuta zebilela, orduan, asko lagundu nion, eta partida aurrera atera genuen. Atzo, ez nituen hain lan zailak izan, eta tanto politak egin nituen.

 

Eta hori, aurrean Olaizola II.a eta Untoria izanda.

 

Atzo, Zabaleta nagusitu egin zitzaion Untoriari. Baina, Alvarok erakutsi du nolako maila duen, agian ez da hain jotzailea, baina, oso segurua da. Bikote horri irabazteko asko agindu behar da; bestela, Aimarrek aukera duen orotan tantoa amaitzen du. Egia esan, irabaztea ez genuen espero, are gutxiago 22-6ko emaitzarekin.

 

Iazko San Mateo Torneoa irabazi ondoren esan zenuen, sinatuko zenukeela berriz aurreko uda bezalakoa egitea aurtengoa ere. Aurreikuspenak hausten ari zara.

 

Iazko udan, lau final jokatu nituen, eta horietatik hiru galdu. Uda honetan, hiru txapelketetatik bi irabazi ditut, eta aurreko urteko udarekin alderatuta, aurtengoa hobea doa. Ea oraindik beste torneoren bat irabazteko aukerarik dudan.

 

Profesionaletara jauzia eman zenuenetik, boladarik onenean zaudela esango zenuke?

 

Orain arte egindako bi urteekin oso gustura nago. Hasiera oso indartsua izan nuen; iazko urtea, ez zen hain ona izan, Merino II.a eta biok binakakoa jokatu genuen, eta pertsonalki ez nenbilen joko onarekin, ezta Merino II.a ere. Halere, lasai nengoen, eta topera entrenatzen jarraitu nuen. Ondoren, buruz buruko txapelketa ona egin nuen; geroztik, lesionatuta egon nintzen bi hilabeteak kenduta, garai luze samarra daramat joko onarekin. Beraz, denbora tartea kontuan hartuta, inoizko boladarik onenean nago.

 

Maiz esan duzu, Aimar bezalako pilotarien aurka jokatze hutsa oparia dela zuretzat; aldi berean, zu baino askoz ere gehiago direla adieraziz. Oraindik berdin pentsatzen duzu?

 

Azken urteetan, Irujo eta Aimar nabarmendu dira gehien, eta oraindik ere onenak dira, Mikel Urrutikoetxearekin batera. Urrutikoetxeak erakutsi du pilotaririk osoenetakoa dela, modalitate guztietan bikain moldatu baita. Pilotari onenek erregulartasuna behar dute urte guztian zehar, eta ni oraindik, onenengandik urrun nago.

 

Hurrengo txapelketa Zarauzko Hiria Torneoa izango da. Beste behin, Zabaletarekin jokatuko duzu, gainera. Lehen partida, Irribarria eta Merino II.aren aurka.

 

Finalerdi benetan gogorra izango dugu, baina, gurea emanez gero, aukerak izango ditugu. Gainera, txapelketa baino lehen partidak ditut, eta ea eskutatik ondo iristen naizen finalerdira.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!