Amezketako Udalak 1.197.000 euroko aurrekontua onartu du

Imanol Garcia Landa 2016ko ots. 16a, 18:43

2015eko aurrekontuarekin alderatuz, %13,12 hazi du aurtengo udal aurrekontua; 438.700 euro bideratu dituzte azpiegitura berriak sortu edo hobetzera

Amezketako Udalak astelehen eguerdian eginiko ez ohiko osoko bilkuran onartu zuen 2016ko aurrekontua. Aurten 1.197.034 euroko aurrekontua izango du, eta iazkoa baino %13,12 handiagoa. Horietatik, 438.700 euro, hau da, %36,64 azpiegitura berriak sortzeko edo daudenak hobetzeko erabiliko da.

2016ko aurrekontua egiterako garaian, bost helburu edo ildo nagusi hartu dituzte kontutan. Zerbitzu publikoak hobetzea dute helburu, eta horretarako Haurreskolak kokapen berria izango du. Gaztelekuaren kudeaketa hobetzeko neurriak hartuko dituzte, eta Hirigintza Plan Orokor berri bati ekingo diote, etorkizuneko Amezketa guztien artean diseinatzeko. Baserri bideak hobetzen jarraitzea dute helburu, eta baita jasangarritasunaren aldeko neurriekin jarraitzea ere. Argiteria eraginkorragoa jartzea eta herriaren txukunketan aurrerapausoak ematea ere nabarmendu dute Amezketako Udaletik.

Aurrekontuaren sarrerei dagokionez, sarreren arloan, %50 inguru Gipuzkoako Foru Aldundiko Udal Finantziaziorako Fondotik jasotzen du udalak. %36 udal-tasa eta zergetatik berreskuratzen du, eta %14 inguru beste erakunde publiko edo pribatuek emandako diru-laguntzetatik.

Aurrekontuaren gastuaren banaketa honakoa da: %23a udaleko pertsonalari dagokio, ia %27a ondasun eta zerbitzuei, %7a diru transferentziei, eta hauen artean daude Amezketako hainbat elkarte. Azkenik, %3,2 maileguen amortizazioa eta interesak ordaintzeko izango da: «Azken datu baxu honetatik, inbertsiora bideratutako datuarekin batera, ondorioztatzen da udal finantzak saneatuak daudela», adierazi dute udal gobernutik.

Hondakin bilketari dagokionez, zerbitzuaren kostua 43.000 euro ingurukoa dela jakinarazi dute: «Udal tasaz aparte, hondakinak birziklatzeagatik udalak 21.000 euro berreskuratzen ditu», adierazi dute. Eta «azken datu honek adierazten du amezketarren kontzientziazioari esker gai honetan kudeaketa eraginkorragoa dela». Amezketako Udaletik azpiegitura berriak sortu eta hobetzeko 438.700 euro bideratuko dituela inbertsioetara azpimarratu dute. Eta herritarrei gogoratu nahi die: «Amezketar guztiek aurrekontuaren espedientea ikusgai dutela udaletxean, edozeinek udalaren kudeaketa ekonomikoaren nondik norakoak jakin ditzan, edota iradokizun eta erreklamazioak luza ditzan».

Inbertsioak eta gastuak

  • Haurreskola berrirako 137.500
  • Baserri bideetarako 60.000
  • Bartolome deunaren kaleko obrak 40.000
  • Gaztelekuaren zerbitzua 32.000
  • Kultur ekitaldi eta festetarako 30.000
  • Eraikin eta kale argiteria 26.000
  • Helduen etxez etxeko laguntza 22.000
  • Ugarteko argiteria eta bankuak hobetzeko 19.000
  • Ugarte eta Zumadi frontoietako argiteria berritzeko 12.000
  • Hirugarren adinekoen jardueretarako 8.000
  • Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea 5.000
  • Euskara sustatzeko 4.000

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!