Altuna-Merinoren merezitako garaipena Markinan

Ataria 2016ko urt. 17a, 23:22

Jokin Altunak eta Merino II.ak 22-20 irabazi diete egungo txapeldunei, Bengoetxea VI eta Untoriari. Partida gogorra eta oso ondo jokatua ikusteko zoria izan dute Markinako frontoia bete duten pilotazaleek. Bete-beteko partida jokatu du amezketarrak erasoan zein defentsan eta erabakiorra izan da.

Txapa gorri atera da eta Oinatz Bengoetxeak egin du lehen sakea; tantoa, baina, urdinentzat izan da leitzarrak ezker-airez txokoan utzi nahi izan duen pilotak txapa jo du-eta. Hurrengo bi tantoak Jokinek egin ditu, lehena ezker-gantxoz zabalean eta bigarrena atzera jota Untoria bolea huts egitera behartuz seigarren koadro parean. Hiru eta huts. Aurretik hasi dute partida azkenaldikoetan ez bezala.

Hasierako hiru tantoko tarte hau izan da partida osoan izan duten abantailarik handiena. Ez dute handigorik izan, parekoa bai, 14-11 jarri direnean, baina handiagorik ez. Partida gogorra eta oso parekatua izan da. Ia beti aurretik izan ditugu urdinak, 4-5 eta 5-6koan salbu, baina alde oso gutxirekin eta berdinketa ugarirekin: 4-4, 5-5, 6-6, 8-8, 10-10, 11-11, 14-14, 17-17 eta 19-19. Hau izan da behar bada albisterik onena: aldarte baikorrez eutsi diotela partidaren tentsio latzari, azken aldiko emaitzek bultza zitzaketen ezkortasunean erori gabe eta joko maila izugarri onari eutsiz hasi eta buka.

Bi atzelari errioxarrek lan asko eta ona egin dute, atzeko lanean eta aurrean geratzen ziren zuloak estaltzen, eta amezketarrak aurreko jokoan gehiago asmatu duelako lortu dute partida irabaztea urdinek. Jokinek askotan irabazi dio Bengoetxeari bere terrenoan, aurreko koadroetako joko bihurrian. Hamahiru tanto egin ditu jokoan, ezker-airez gehienak txokoan zein zabalean, baina baita txokoan edo zabalean egindako dejada bidez ere, zabalean egin duen azkenekoa esate baterako. Baina ez du erasoan bakarrik jokatu partida handia. Defentsa ere lan izugarria egin du ezinezkoak ziruditen pilotak jasoz, eta arnasa eman dio David Merinori itolarrian ikusi duenean. Partida oso-osoa jokatu du, ia beti erabaki onak hartuz eta konfiantza handia transmitituz.

Jokatu dituzte ligako lehen itzuliko zazpi partidak. Lehenengoa eta azkenekoa irabazi dituzte eta tarteko bostak galdu. Azkeneko hau irabazita, egungo txapeldunen aurka eta oso ondo jokatuta gainera, beste aldarte batekin helduko diote bigarren itzuliari. Jokinek berak esan du ez direla sailkapenean pentsatzen ari, egin nahi, ahal eta behar duten jokoan baizik; berea egiten badute etorriko dela etorri beharrekoa. Erakutsi dute berriro edozeini irabazteko jokoa eta gaitasuna badutela.

Tanto boladak: 0-3; 4-4; 5-5; 6-6; 6-8; 8-8; 8-10; 10-10; 11-11; 11-14; 14-14; 14-16; 17-17; 17-19; 19-19; 19-21; 20-21; 20-22

Eginak: Altunak 13 eta 1 sakez; Bengoetxeak 8; Untoriak 3; Merinok 2

Galduak: Altunak 4 (3 erasoan) Bengoexeak 3 (erasoan); Untoriak 3; Merinok 3

Pilotakadak: 761

Partidaren iraupena: 88 minutu

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!