Altuna-Merinok ezin Iruñean, Artola-Albisu aisa Oiartzunen

Ataria 2015ko abe. 21a, 00:09

Aurrera doa bi-bitako pilota txapelketa nagusia eta asteburu honetan jokatu da hirugarren jardunaldia. Emaitza desberdinak lortu dituzte Jokin Altuna eta Iñaki Artolak. Lehenengoak Merinorekin amore eman eman behar izan du Olaizola-Urrutikoetxearen aurka eta 22-13 galdu du. Bigarrenak eta Albisuk, berriz, 22-14 irabazi diete Berasaluze-Beroizi partida erosoan.

Olaizola II eta Urrutikoetxearen partida ikusgarria Iruñean

Oso pilota partida ona ikusteko aukera izan zuten Labrit frontoia betetzen zuten pilotazaleek larunbat arratsaldean. Gogotsu sartu zidan partidan Jokin Altuna eta David Merino. Txapak gorri erakutsi zuen eta Olaizolak eman zion hasiera partidari eta beraientzat izan ziren lehen bi tantoak. Baina urdinek lortu zituzten hurrengo lauak eta aurretik jarri ziren. Bostean berdindu zen partida gero eta, handik aurrera, bikote gorriak hartu zuen galduko ez zuen agintea. Poliki-poliki bere aldea areagotzen joan zen 22-13 partidua amaitu zuten arte.

Tanto alde handirekin amaitu bazen ere partida, ez zen hain erraza izan gorrientzat. Gogorra eta pilotazaleek gozatzen duten horietakoa izan zen. Zazpiehundik gora pilotakada jo zituzten eta tanto asko izan ziren oso piloteatuak eta dotore bukatuak. Amezketarra eta errioxarrak, baina, bikote handia zuten aurrean, zirrikiturik uzten ez ziena eta beren aukerak ondo aprobexatzen zituena: atzelariak, Urrutikoetxea txapeldunak, partida bikaina jokatu zuen eta ez zuen Merinok ia inoiz mendean hartu; aukerako oso pilota gutxi utzi zizkion Jokini eta hain ondo menderatzen duen aire jokoari esker oso aurrean kokatzen zen eta ez zion ia zulorik uzten horrelakoetan. Aurrelariak, Aimar Olaizolak, ohituak gauzkan maila eman zuen defentsan zein erasoan; ia ezinezkoa zirudien berari tantoa egitea, bakarra galdu zuen, eta aukera zuenean tantoak amaitzeko duen berezko erraztasuna erakutsi zigun sarri-sarri, 14 egin zituen.

Era guztietara saiatu ziren urdinak, baina gehienetan tantoak gorrien alde joaten ziren. Azken unera arte etsi gabe segi zuten halere. Partidaren nolakoaren adibide izan ziren azkeneko hiru tantoak, oso piloteatuak eta gogorrak hirurak. Hiruretan urdinek pilota batera eta bestera ibili zuten: lehenengoan, gorrien 21.ean, Olaizolak amaitu zuen txokoan airez pilota utzita; bigarrenean, urdinen 13.a, Merinok sekulako arriskua hartu behar izan zuen boleaz zabalera joz bukatzeko; hirugarrenean, gorrien azkena, txapara joan zitzaion Jokini ezkerrez egindako dejada. Ez zuten partida txarra egin, ezta gutxiagorik ere, Jokin eta Davidek. Aurrean zuten bikoteak joko maila ikaragarria erakutsi zuen eta, horrela, makurtu gabe baina amore eman besterik ez zitzaien gelditu.

Tanto boladak: 2-0, 2-4, 5-5, 10-5, 10-6, 12-6, 12-8, 16-8, 16-10, 19-12, 21-13, 22-13

Olaizola: 14 egin, 1 galdu ; Urrutikoetxea: 3 egin, 2 galdu; Altuna: 7 egin, 4 galdu; Merino: 3 egin, 1 galdu.

 

Artola eta Albisuk joko bolada onena daudela berretsi dute

Oiartzunen bete-bete egin da igande arratsaldean Madalensoro frontoia. Txapelketako partidaren aurretik herriko seme Ander Imazen profesionaletako debut partida jokatu da, eta 22-14 irabazi du Elezkanorekin Olaetxea lizartzarra eta Aretxabaletaren aurka.

Bigarren partidan, Iñaki Artola eta Jon Ander Albisuk nahikoa erraz menderatu dituzte joko bolada onenean dagoenik ez dirudien Pablo Berasaluze eta Beroiz kementsua. Gorriz jokatu dute hauek eta beraiei egokitu zaie lehen sakea egitea, eta ezker gantxo bikain batekin bukatu du Berasaluzek lehen tanto hau. Hemendik aurrera, ordea, alegiarraren eta ataundarraren urdin kolorea izan du partidak. Jon Ander Albisuk erabat menderatu du Beroiz eta oso aukera gutxi utzi dizkio Berasaluzeri errematerako; izan dituenetan, defentsan ere bikote sendoa dela erakutsi dute urdinek eta oso gutxi gauzatu ahal izan ditu.

Iñaki Artolak, berriz, tantoa amaitzen zenbat hobetu duen erakutsi du berriro, batik bat aireko ezker gantxoa bitartez, dela txokoan, dela ezker paretean luze bi aurkarien tartera edo dela zabalean. Hamahiru tanto egin ditu jokoan eta gehienak bide horretatik etorri dira.

Hasi eta berehala beren aldera irauli dute balantza urdinek eta laister ireki dute tarte zabala (15-4). Hemendik aurrera apur bat berdindu egin da partida, batik bat, ordura arte egin ez dituzten hutsak egin dituztelako Iñaki eta Jon Anderrek, baina inoiz ez du arriskurik izan. Albisuk jotako pilotakada luze bat Beroizek boleaz jiratu ezinik utzi duenean amaitu da partida.

Hiru partidatik hiru irabazita, sailkapeneko lehen postuan jarraitzen dute Martinez Irujo-Rezusta bikotearekin batera. Eguberri egunez alegiarra eta amezketarra elkarren aurka izango ditugu Eibarren. Ikustekoa izango da.

Tanto boladak: 0-1, 3-1, 9-3, 15-4, 16-6, 16-10, 19-10, 20-11, 21-14, 22-14.

Artola: 13 egin, 5 galdu; Albisu: 3 egin, 6 galdu; Berasaluze: 3 egin, 4 galdu; Beroiz: eginik ez, 2 galdu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!