Altuna III: "Eskubiarekin ezin gozatu ibili naiz; ezkerrarekin inoiz baino hobeto"

Asier Imaz 2015ko abe. 12a, 11:44

Lehen partida irabazi ondoren bigarrena ezin. Altuna III-Merino II.ak 22-19 galdu zuten atzo Ezkurdia-Barriolaren aurka. Binakako txapelketako partida Donostiako Atanon jokatu zen. Partida amaieran Jokin Altunak lehia aztertu zuen:

Defentsa nagusitu zaio erasoari.

Denetik izan da. Argi dago bikote oso konpletoa eta gogorra direla. 22 tantotan asko sufritzen dute. Nire ustez Davidek (Merinok) ikaragarri jokatu duela, eta ni eskubiarekin tramo batean ezin gozatuz ibili naiz. Abel (Barriola) aurrera etortzen zen eta nik ezin gozatu; ez nuen eskuan ondo sartzen eta nahiko deseroso ibili naiz. Egia esan ezkerrarekin inoiz baino gusturago ibili naiz, baina pena, pena handia, horrenbeste lan egin eta galtzea. Baina hau horrela izaten da.

Tantoa bukatzen horrenbeste saiakera egin dituzun partidarik ez dakit jokatu duzun.

Erasora jokatu dut, baina biak beti gainean genituen. Abelek aurrera ematen zuen pausoa, eta airez asko defendatzen du. Bigarren zatian pilotak asko gastatu direla esango nuke, eta ia ezin izan dugu dominatu. Orduan biak gainean genituen; Josebak (Ezkurdia) zabala hartzen zuen eta Abelek txokoa. Horrela, beraiek ez badute huts egiten ikaragarri zaila da tantoa egitea. Azkenerako, sufritu eta sufritu ondoren, tantoa irabazi dute.

Abelen partida azpimarratzekoa izan da. Dena itzultzen zizuen.

Bai. Badakigu hauei irabazi nahi dienak lan asko egin beharko duela partida guztian zehar. Asko sufritu behar da beraien aurka. Nik dena eman dut, baina gauza batzuk ez zaizkigu ondo atera. Pena bat izan da, baina 14 partida dira, eta orain deskantsatu ondoren, berriz lanean jarraitu beharra dago.

Lehen jardunaldia irabazi ondoren ez zen ezer erabakirik gelditu, eta lehena galtzean, berdin.

Hau oso luzea da. Lan asko egin beharra dago. Gaurko partida gogorra izan da, baina badakigu hurrengoa ere gogorra izango dela, baita hurrenagokoa ere. Lanean jarraitu beharra dago hemen, eta ea partida batzuk irabaztea lortzen dugun.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!