"Urte hobeak izan dira; ez da denboraldi luzitua izan"

Asier Imaz 2015ko aza. 12a, 09:30

Amezketako Kultur Astearen barruan, azaroaren 20an, hitzaldia eskainiko du herritarren aurrean Iker Karrerak (Amezketa, 1974).

Denboraldia bukatutzat eman duzula entzun dut. Horrela al da?
Momentuz ez daukat buruan ezer berririk aurreikusita. Beraz, baietz esan beharko nuke.


Horrela bada, denboraldiko balantzea egitea tokatzen da.
Urte hobeak izan dira. Ez da denboraldi luzitu horietako bat izan. Ez ditut beste urteetan bezain beste lasterketa egin. Lesio bat medio, nahiko gorabehera izan ditut. Lehen lasterketa martxoan egin nuen, Kanariar Uharteetan; baina erretiratu egin nintzen. Geldialdi bat egitea tokatu zitzaidan orduan. Maiatzean itzuli nintzen berriro. Etapakako karrera bat zen, eta irabazi egin nuen.


Ondoren Pirinioetara joan zinen.
Ekainean, eta berriro irabazi nuen. Baina lesioarekin asko sufritzen ari nintzen. Uztailean, Ameriketako Estatu Batuetara joan nintzen, urteko lasterketa garrantzitsuena egitera.


Hardrock 100 Milia.
Ilusio handia sortzen zidan lasterketa horrek, eta nahiko lesio txarra izanagatik, aukera nuenez joan egin nintzen. Sufrituta, bederatzigarren amaitu nuen. Gero, udan, Ameriketako EEBBetan ibili nintzen; lasterketak egiten baino ikusten egon nintzen, denboraldi berriari begira.


Eta bueltan, hurrengo proba urrian egin zenuen.
Diagonale des Fous-era bi urtetan joan naiz, eta kale egin dut. Aurten, ordea, bosgarren amaitu nuen. Denboraldia, beraz, postu txukun batekin amaitu dut.


Kontaketa horretan, zuzenean edo zeharka, beti lesioa ageri da.
Bai, hala izan da. Hardrock-en, adibidez, lehen metrotik, lehen pausotik, mina sentitzeak lasterketa baldintzatu egiten du. 166 kilometro inguru dituzu aurretik, eta burua erabat mugatuta geratzen da: «Hasieran mina baldin badaukat, bukaeran nola egongo ote naiz?», esaten nion nire buruari. Minez, gozatu ezinik ibili nintzen. Azken lasterketan ere antzera. Zorionez, bai bata eta bai bestea, lasterketa dotoreak dira, bereziak; ingurunea izugarria daukate. Korrika ez dut gozatu, baina begiak pozteko balio izan dute.


Zure mendi filosofiaz hitz egiten du horrek.
Lasterketetara lehiatzera joaten gara; emaitza onak lortzen saiatzen gara beti. Baina inguruaz ez bagenuke gozatuko, ziur ez ginatekeela hor ibiliko. Lehiagatik bakarrik ez zara horrela ibiltzen. Nire kasuan, behintzat, beste zerbait ere bilatzen dut. Horregatik beti saiatzen naiz lasterketa desberdinak egiten. Zer edo zer erakargarria eduki dezala, ez metroak, kilometroak eta gorabeherak bakarrik. Aurten begiak gozatzeko aukera hori izan dut.


Lesioaren nondik norakoak jakiteko, iragan astean proba bat egin zenuen. Zein da emaitza?
Pubis inguruan sentitzen dut mina. Osteopatia bat izango zela pentsatzen nuen, baina frogaren emaitzak ez dira hain txarrak izan: Tendinosis deituko litzaioke sentitzen dudan min honi. Tendoiak baldintza onetan ez daudela esan nahi du horrek, sufritzen daudela. Mina gainera kroniko bihurtu da. Baina azkenean, uste baino emaitza hobeak dira, aparteko larritasunik ez baitago.


Zer egin behar duzu sendatzeko?
Fisioterapeutarekin tratamenduan hasiko naiz. Tendoiak bere egoerara itzuli behar du; erregeneratu egin behar du. Denbora behar du. Ariketa eta lan berezi batzuk egingo ditut, geldirik egotea baita txarrena tendoiarentzat. Printzipioz, denboraldi berria hasi aurretik denbora izango dudala pentsatzen dut.


Eta zein da denboraldi berri horretan proba motibatzailea?
Niregatik balitz, berriro ere Hardrock egingo nuke; hori izango litzateke helburua. Izen emateko epea zabalik dago, eta emango dut. Baina hori ez da nahikoa izaten, zozketa egiten baitute.


Baina zu punta-puntako korrikalaria zara. Zu ere zozketan sartzen zaituzte?
Hardrock-en bi postu daude ziurtaturik. Aurreko urteko bi irabazleek errepikatzeko aukera izaten dute. Beste guztiek zozketa batean parte hartu behar izaten dute. Hor beti Kilian Jorneten adibidea jartzen dut. Urteak egon da izena eman eta zozketan tokatu ez zaiolako probatik kanpo. Beste munduko lasterketa guztiak borrokan ibiltzen dira Kilian izateko. Baina Hardrock berezia da, eta berdin dio nor zaren. Zozketatik pasa beharra daukazu.


Horrek denboraldiko plangintzan eragina izango du, ezta?
Abenduan egiten dute zozketa, eta horren zain egongo naiz. Tokatzen baldin bazait, helburu nagusia hori izango da. Ez bazait tokatzen, beste proba batzuk begiratuko ditut. Salomon taldeak zer esaten duen ere ikusi beharko da. Baina bai, zozketa iritsi arte, plangintza nagusia egin gabe egongo naiz.  


Salomon taldea aipatu duzu. Zuen arteko hitzarmena nola dago?
Hor jarraitzen du, eta okerrik ez bada, segida izango du. Ez dago inongo gorabeherarik. Nere aldetik ez dago inongo arazorik, eta beraiek ere ez dute aurkakorik esan. Azkeneko hitzarmena bi urtetakoa zen, eta oraindik, beste urtebete geratzen zait. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!