Udara on baten amaiera hobea

Ataria 2015eko irailaren 28a

Logroñoko San Mateo txapelketa irabazi du Jokin Altunak David Merinorekin batera. Final estu eta ikusgarria izan da, eta 22-21 gailendu dira Aimar Olaizola eta Mikel Urrutikoetxearen aurka. Azken tantoa, amezketarrarena izan da.

Jokin Altunaren udara bikaina izan da. Baina bikaintasun horrek sari bat merezi zuen. Eta sari hori Logroñoko Adarraga pilotalekuan topatu du: San Mateo torneoko txapela, profesionalen lehen mailan lortzen duen lehen txapela.

Ez zuen edonola lortu, gainera. Bederatzi tanto egin zituen neurketa osoan zehar, eta behin baino gehiagotan zutitu zituen Adarragara gerturatutako pilotazaleak. Aimar Olaizonal egindako hamaika tantoak ez ziren nahikoa izan bikote gorriarentzat.

Eta hori gutxi balitz, a zer nolako azken tantoa! 21-21 markagailuan, eta odol hotzez, txokoan geldirik utzi zuen pilota Altunak. Luzea izan zen segundo hura. Txapatik behatz bakarrera gelditu zen pilota. Tanto. 22-21 eta txapela Altuna eta Merinorentzat.

Merinok besoak altxa zituen bitartean, amezketarra lurrera bota zen, belauneko, eta eskuak burura botaz. Gertatutakoa ezin sinetsi. Zoratuta. Pozik. Ametsa errealitate bihurtuz.

Neurketa ikusgarria

Finala pilotazaleei gustatzen zaien horietakoa izan zen. Erritmo askokoa, gogorra, tanto polit ugari utzi zituena, eta bereziki, amaierara arte emozio ikaragarria mantendu zuena.

Hasieran Altuna eta Merino izan ziren nagusi. Erritmo gehiago izan zuten, eta Amezketako aurrelariaren jokoari esker 10-3 jarri ziren aurretik markagailuan. Olaizola azaldu zen orduan, eta sakea berreskuratu ahala, berdinketa lortu zuten gorriek. Ordutik aurrera, berdintasuna izan zen nagusi, akatsak tarteko, eta aldeak ez ziren handiak izan.

20-20ko emaitzarekin, Merinok aurretik ipini zuen bikote urdina, eta 50 pilotakadako tanto ikusgarri batean Olaizolak gantxoz 21-21ekoa lortu zuen. Ondorengoa, ez ahazteko moduko tantoa.

Jokin Altunak profesional mailan janzten duen lehen txapela du, Donostiako txapelketako finala Merinorekin batera galdu ostean, Juan Martinez de Irujo eta Abel Barriolaren aurka.

Laburpena ikusteko

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!