Maite Gurrutxaga: «Aberasgarria izan da esperientzia»

Ataria 2015eko irailaren 10a

Maite Gurrutxaga, Bruselako Nazioarteko Komiki Jaialdian. GREGORIO MURO

Bruselako Nazioarteko Komiki Jaialdian izan da ilustratzaile amezketarra Habiak lanarekin.

Etxepare Euskal Institutuaren eskutik, eta Euskadiren Europar Batasuneko Ordezkaritzarekin elkarlanean, euskal komikigintzak Bruselako Fête de la BD / Strip Feest Nazioarteko Komiki Jaialdian parte hartu du, lehen aldiz, irailaren 4tik 6ra bitartean. Ordezkaritza horretan parte hartu du Maite Gurrutxaga amezketarrak, Gregorio Muro eta Dani Fanorekin batera. Gurrutxagak azaldu duenez, «esperientzia aberasgarria izan da».

Lehenengo aldiz izan da ilustratzaile amezketarra horrelako azoka batean, erakusmahai batean atzean, bere lana erakutsiz. «Durangoko eta Getxoko azoketan izan naiz argitalpenak sinatzen, baina ez naiz behin ere izan erakusleku batean, hainbat ordutan, jendearekin harremanetan», azaldu du. Habiak komikiarekin izan da bertan, ilustrazioaren atalean azken Euskadi Literatura Saria jaso zuen argitalpenarekin, hain justu. Liburuaren euskarazko zein gaztelerazko bertsioak eraman ditu, eta uste baino harrera hobeagoa izan du: «Egia esan, oso harrera ona izan du.

Kartel handi batzuk jarri genituen eta dirudienez horrek jendea erakarri zuen. Testuak ez ulertu arren, irudiak arretaz ikusten aritu ziren erakusmahaira etorri ziren bisitariak». Atzerrian komikia gehiago kontsumitzen dela dio Gurrutxagak eta adin guztietako jendea direla kontsumitzaileak.

Egun Gurrutxaga bi proiektutan murgilduta dago. Batetik, Uxue Alberdik Elkar argitaletxearekin aurki aterako duen ipuin-albumaren ilustrazioak egin ditu. Bestetik, idazle mexikar baten ipuin formatuko liburuxka ilustratzen ari da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!