Bizitza oihalen gainean

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko eka. 12a, 09:53

Eskuak ditu lanerako tresna eta, burua, etengabeko ideien iturri. Txikitako amets eta gogoei eutsiz, goi mailako joskintzan txoko bat egitea lortu du Amagoia Etxeberria amezketarrak.

«Gure etxean, josteko makinaren hotsa musika izan da". Eta musika horren trakatekoek eraman dute, Amagoia Etxeberria, diseinatzaile lanetan aritzera. Txikitan soinekoen dantzak sortzen zion lilura, bere eskuekin egitera iritsi da. Orain, amets bat bete du Donostiako Noventa Grados moda espazioan, Aske bildumaren erakusleiho bilakatu baita gunea. Zalantzarik gabe, egiten duena pasio du; modaz hitz egiten duenean bere begiei begiratu besterik ez da, hori ikusteko.

Amaren sortzaile senaren bidetik, amezketarrak Mattin Labaienekin atxiki zituen marrazketaren oinarrizko ezagutzak, Tolosan. Geroztik, 2002an hasita, hamaika diseinu lehiaketa irabazitakoa da, eta mosaikogile lanetan ere urtetan jardun zuen. Baina pauso bat emateko beharra sentitu zuen, beharbada, sekula eman duen garrantzitsuenetakoa: pieza bakarrak diseinatzen hasi zen.


Oihal arteko lana bitxiekin eta prêt-à-porter-arekin —patroi estandarrekin sortutako arropa sorta handiak eginez, alegia— tartekatu zuen denbora batez, eta krisiak bere hastapenetara itzularazi zuen duela urtebete inguru, produktu esklusiboak egitera: «Desberdintasun bat lortu nahi nuen, eta nire lanaren bereizgarria pieza bakarrak egitea zela ikusi nuen. Izan ere, jendearen bizitzetan badira halako lan bereziak merezi dituzten uneak».

Une bereziek diseinu bereziak merezi dituzten gisa berean, Amagoia Etxeberriak argi zuen bere diseinuek ere erakusleiho berezia behar zutela, munduratzeko: Noventa Grados. «Nire ametsa zen bertan egotea, baina banekien edozein unetan ezin nuela hor sartu, prest egon behar nuela horretarako. Horrela, iaz nire burua prest ikusi nuen, eta Marcial Muñoz arduradunarekin bildu nintzen, zer nahi nuen eta zergatik nahi nuen kontatzeko».

Donostiako Kale Nagusian dago Noventa Grados, Indalezio Bizkarrondo Bilintx jaio zen eraikin berean, Antzoki Zaharraren alboan. Erreferentzia historiko horien pareko indarra du guneak berak ere, kale horretatik sekula igaro den edonork begiratuko baitzion inoiz dendari; kristalezko erakusleiho erraldoiek ezein begiren arreta harrapatzen baitute.


Marcial Muñoz da espazio anitzaren sortzaile, eta gunearen filosofiak Bergara kalean zuen ileapaindegian ditu sustraiak. Noventa Gradosen betaurrekoak eros daitezke; edo ilea moztu; edo usain magikoak bilatu lurrindegiko perfumeetan barrena; edo arroparik berezienak ikusi; argazki erakusketez gozatu; beste inon aurki ez daitezkeen liburuak eskuratu. Zalantzarik gabe, Noventa Grados tenplu moduko bat da moda jarraitzen duen edonorentzat, Milango (Italia) 10 Corso Como edo Pariseko (Frantzia) Coletteren pareko. Ion Estala lantaldeko kide da, eta, azaldu duenez, hamar urte beteko ditu aurten espazioak: «Sekulako festa antolatzen ari gara».

Kimika ezinbesteko elementua izan ohi da lanerako ere, eta Amagoia Etxeberriak eta Marcial Muñozek ederki ulertu zuten elkar, hasieratik: «Artearen eta modaren inguruan biok dugun filosofia oso antzekoa da». Lehen hitzordu haren fruitu, horrela, Donostiako Kale Nagusiko gunean sabaitik zintzilik daude zenbait soineko, Aske izenburupean.

«Marcialek nahi nuena egiteko esan zidan, ateratzen zitzaidana diseinatzeko, ez zidala ezertan eragin nahi, eta garrantzitsuena ni izatea zela», dio Etxeberriak. Askatasun sentipen horrek, beraz, izena eman zion Noventa Gradoserako sortutako bildumari.

Bizitza, oihalak margotzeko pintzel

Badirudi sortzea ogibide dutenei halabeharrez egin beharreko galdera dela, inspirazio iturriena. Paisaia kuttunei heltzen diete askok, edo leku fetitxeak aukeratzen dituzte, beste hainbatek, barruan dutena loratzeko. Amagoia Etxeberriak bizitza izan du, sortzeko bide orri: «Nire lana oso biografikoa da, eta lasai esango dut hala dela. Eguneroko bizitzak eta esperientziek asko eragiten didate, onerako eta txarrerako, eta nire egun onak zein txarrak marrazkietan ikusten dira. Askotan esan izan dut ni ezagutzeko nire lanak ezagutu behar direla eta, adibidez, nire iloba jaio zenean umeak margotzen hasi nintzen».

Urteen emana diseinuetan islatzeko, Amagoia Etxeberriak eskua du tresna bakar. Jantzien bozetoak osatu eta soinekoak josita daudenean, oihalen gainean margotzen ditu irudiak, eskuz: «Ez daude bi soineko berdin». Josten ederki dakien arren, gaur egun eskarmentudun jostunek ehuntzen diozkiote diseinuak, «eta xehetasun asko eta asko eskuz josten dituzte, izugarria da duten trebetasuna».

Erlojuaren aurretik joan ziren haiek

Bizitza diseinuen iturri duen bezalaxe, Amagoia Etxeberriak ez du zalantzarik moda erreferente bat aipatzerakoan: «Balenciaga, letra larriz. Inork aurretik egin gabeko gauzak egin zituen eta, gaur egun ere, bere diseinuak ez dira zaharkituak, oraindik urte askoan iraungo dute. Bere garaiari aurrea hartu zion sortzaile bat izan zen, lan egiteko moduagatik, eta modan sekulako iraultza sortu zuen».

Jenio titulua aspaldi lortu zuen diseinatzaile getariarrak eta, bere garaiari aurrea hartu izanagatik, joera berri zenbaiti ez zien neurririk hartu. Izan ere, diseinatzeari utzi zion prêt-à-porter-a indarra hartzen hasi zenean.


Amagoia Etxeberriak ez du eragozpenik saltoki handietako arropa erabiltzen duela esateko: «Gaur egun denok daramagun arropa da eta, nire ustez, saltoki horiek egungo gizartearen beharrei erantzuten diete, maila ekonomiko desberdinetako jendea baitago. Askotariko behar eta gastuak daude, eta eskerrak hala den, gainera».

Zalantzak sortzen dizkio, ordea, Zararen bidea jarraitu duten enpresen etikak: «Badituzte diseinuak sortzeko departamentuak, baina txikiak dira, eta ia %90 kopiatu egiten dute, horretarako lan egiten duen jendea baitute. Ni sortzailea naiz, ez kopiak egiteko makina bat, beraz, saltoki horiek ez dute etikoki bat egiten nire pentsaerarekin».

Munduko hiritarrak atontzen dituzten denda erraldoien bestaldean, goi mailako joskintza eskutik doa goi mailako prezioekin, baina, Amagoia Etxeberriak sortzaileen lana aldarrikatzen du horren aurrean: «Askok esaten didate nire soinekoak garestiak direla, baina badira prezio horietan soinekoak egiten dituzten markak, 500 soineko berdin-berdin sortuz; nireak bakarrak dira. Hori, ordea, jendeak ez daki».

Kanona baino, dotorezia

Nazioarteko diseinatzaile ezagunenek emakume eredu jakin bat erabiltzen dute, beren sorkuntza lanak pasarela garrantzitsuenetan erakusterakoan, argaltasun ikonoak sortuz. Amagoia Etxeberriaren ustez, «modelo argalegiak erakustea osasunik eza publizitatzea da, nolabait, eta jendeari batere ona ez den informazioa iristen zaio». Bere ustez, horrela, ezinbestekoa da modeloek irudi osasuntsua izatea: «Polemika asko izan dira, baina, nik uste dut, kanonak aldatzen ari direla, eta orain emakume ederragoa bilatzen dela».


Dena den, amezketarrak onartzen du diseintzaileek, finean, altuera eta argaltasuna bilatzen dituztela, dotoreziarekin batera: «Pertsona bat argalago dagoenean, diseinuek hobeto ematen dute. Baina modeloak ez dauka ederra izan beharrik; diseinuarekin bat egin behar du, eta jantzi hori dotoreziaz eramaten jakin».

Segi eta segi, eta lortu

«Oso lan gogorra da, eta denbora tarte batzuetan, bizitzak hala eskatzen duelako, beste zerbaitetan jardun behar izatean da, beharbada», dio Etxeberriak. Diseinatzaile izan nahi zuela aipatzen zuenero, bazen, inguruan, arraro begiratzen zion jendea: «Oso ondo erabaki behar da zure inguruan zein jende egotea nahi duzun, zure bidea egiteko».

Horrela, oihal, orratz, patroi eta koloreen munduan murgildu nahi duten gazteei erraietatik ateratako gomendioa eman nahi die: «Benetako ametsa baldin bada, ez dezatela utzi. Segi eta segi aritzen denak lortu egiten du. Pasio handia jarri behar da, baina buruarekin jokatu behar da beti. Eta lehiakortasuna ere handia da mundu honetan, baita desleiala ere. Baina jarrai dezatela, eta ez diezaiotela begiratu besteek egiten dutenari, eta beren buruarengan sinets dezatela uneoro».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!