«Itxurakeria? Hori pentsatzen dutenek ere txukunduko dute beren burua»

Itzea Urkizu Arsuaga 2015ko eka. 12a, 11:02

Amagoia Etxeberria diseinatzaile amezketarrari elkarrizketa

Balenciaga erreferentetzat aipatu duzu. Gaur egun, interneten milaka blogari aritzen da diseinu eta jantzien inguruan proposamenak egiten. Zein iritzi duzu blogari horien inguruan?
Madrilen enpresa batek egin ditu nire ordezkari lanak, eta haiek mugitu didate arropa, eta behin batean zera esan zidan arduradunak, blogariekin kokoteraino zegoela. Batzuek ondo konbinatzen dute arropa, bai, baina, hortik aurrera, ez dakite ezer modaren historiaz eta modaren sustraiez, pertsonez, eta moda egiten dutenez. Nik uste dut gauza bat benetan ondo erakusteko gehiago jakin behar dela. Egia da, ordea, kanpokoak soilik duela garrantzia egungo zibilizazioan, bat-bateko itxura horrek. Blogari askok oso gustu ona dute eta oso ondo egiten dute beren lana. Horrek sekulako eragina sortzen du, baina, jakin nahiko nuke zer dakiten. Nik, adibidez, Suzy Menkes kazetari eta moda kritikaria miresten dut; izugarri daki, eminentzia bat da nazioartean.

Kontzientzia batekin idatzi beharko lirateke halakoak, beraz.
Bai, barrutik. Zertaz ari zara hizketan? Ez da hau horrekin konbinatzea soilik. Sakonetik kanpoalderaino ezagutu behar dira gauzak, eta niretzat hori funtsezkoa da; bestela erori egiten dira gauzak.

Epe ertainera zein proiektu duzu esku artean?


Noventa Gradosen errepikatzea espero dut. Eta, aurreraxeago, beste herrialderen batera hedatu naitekeen ikusiko dut; baina guztia pixkana. Duela urte batzuk presa handiagoa nuen, baina presa ez da sekula ona izan. Gauzak ondo egin behar dira, zerbitzu ona eskaini behar da, eta ondo zabal dadila lana. Badakit kanpoko jendeak gehiago erosiko duela hemengoak baino. Marka bat sortzea eta balore bat lortzea da nire helburua eta, bitartean, baditut proiektuak: bitxietara edo osagarrietara itzultzea. Baina, prêt-à-porter altu bat izan beharko luke, esklusibitate hori mantentzeko.

Kanpotarrek gehiago erosiko dutela badakizula diozu. Modari dagokionez, kultura desberdina dago hemen edo Europako beste zenbait lekutan?
Bai. Hemen ondo janztea gustuko dugu, eta dotore joatea, eta nahastea. Baina kanpoan dagoen irekitasun hori ez dago, eta asko dugu ikasteko besteengandik. Era berean, egia da kanpoko jendea etortzen denean, beharbada, gauza desberdinak bilatu nahi dituela. Horretarako, erreferente bat da Noventa Grados

Zer esango zenioke moda itxurakeria dela dioenari?
Garrantzitsua da, norbait jaikitzen denean, ispilura begiratu, eta norbere burua ondo ikustea; hala bada, ziur aski txukunago edo hobeto egongo da, barrua ere hobeto izango duelako. Irudia ez da irudia bakarrik; zergatik dago auto bat garbiago beste bat baino? Zainduagoa dagoelako. Edo, zergatik dauka norbaitek hain ile polita? Bada, polita duelako baina zaintzen duelako. Orduan, zaintzea barruko osasuna ere bada. Itxurakeria? Ziur aski hori pentsatzen dutenek ere txukunduko dute beren burua. Egia da badirela muturrak ere, eta naturaltasuna eta nortasuna zenbaitetan galdu egiten direla. Baina norbaitek bere nortasuna markatzeko jaka bat edo beste bat erabiltzen badu, bejondeiola jaka horri. Niretzat oso garrantzitsua da, eta ez da txorakeria bat; serioski hartzen dut kontu hori.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!