Aho batez onartu dute udal aurrekontua Amezketan

Imanol Garcia Landa 2015ko api. 29a, 12:01

Ugarteko frontoia berritzea izango da inbertsioetako bat.

1.058.000 eurokoa da eta horietatik 181.000 euro inbertsioetarako bideratuko dira.

Amezketako Udalak 1.058.000 euroko aurrekontua onartu du 2015erako. Osoko bilkuran aho batez erabaki zen, eta inbertsioetara 181.000 euro bideratuko dira, eta guztira zortzi proiektu aurreikusten dira.

Proiektu horietako bat eskolan egin behar diren hobekuntzak izango da. Horretarako 25.000 euro zuzenduko dira eta diru laguntzen bitartez beste horrenbeste lortzea espero du udalak, Iñak Amundarain alkateak azaldu duenez. Baserri bideak asfaltatzen jarraitzea da beste proiektuetako bat, eta horretara bideratuko diren 26.000 euroez gain, Tolomenditik beste horrenbeste bideratzea espero du. Ugarteko frontoia egoera kaxkarrean dagoela eta, horretarako ere kopuru bat gorde da inbertsioetarako. Udaletxeko bi gela egokitzeko asmoa ere azaldu du udalak. Herriko plazaren ondoko kalea konpontzea da beste proiektuetako bat, eta egun martxan daude obra horiek. Arau berriztatzaileak aldatzea ere beharrezkoa dela dio Amundarainek eta horretarako aurten ere kopuru bat bideratuko da, eta beste horrenbeste diru laguntzen bidez. Eskoilera bat ere egin da eta horretara 8.000 euro bideratu dira.

Bestalde, proiektuei dagokionez, iaz kultur etxeko eraikinean egokitu zen eguneko zentroa martxan jartzeko asmoa dute udaletik. «Zortzi lagunentzako prestatuta dago eta aldunditik gutxienez sei egotea eskatzen dute martxan jartzeko», azaldu du Amundarainek. «Herritarren aldetik zerbitzuaren eskaera badago, eta gizarte laguntzailea eskaera horiek bideratzen ari da».

Bestalde, eraikin berean bi babeseko etxebizitza egokitzeko asmoa dute. «Diru laguntza eskatu dugu proiektu horretarako, baina esan digute aurtengo diru laguntzak bukatu direla, eta berriz ere eskatu beharko dugu obrak egin ahal izateko», esan du. Kultur etxeak duen erabilerarekin gustura azaldu da Amundarain: «Hainbat zerbitzu ematen dira, eta orain eguneko zentoarekin eta babeseko etxebizitzekin erabilera gehiago zabalduko da».

Inbertsioak

Eskolan hobekuntza lanak     25.000 euro
Ezkolborrora ura                  12.500 euro
Baserriko bideak                  26.000 euro
Ugarteko frontoia                 45.400 euro
Udaletxean 2 gela egokitu       4.000 euro
Plaza ondoa-kalean lanak      47.600 euro
Arau aldaketa                      12.500 euro
Eskoilera                               8.000 euro

Guztira                            181.000 euro

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!