Urkijok Amezketako Udala salatu du aktak euskaraz bidaltzeagatik

Mikel Iraola 2015ko urt. 13a, 09:33

Amezketarekin batera, Urkijok, Beizama, Elgeta, Gaintza, Oiartzun, Oñati eta Usurbilgo udalak ere eramango ditu auzitara.

 

Ez da hilabete pasa Urkijok Aduna, Arama, Altzaga, Antzuola, Bergara eta Itsasondoko udalek aktak euskara hutsez bidaltzeagatik helegiteak jaso zituztenetik, eta dagoeneko beste zazpi udalek salaketak jaso dituztela jakinarazi du Uemak.

Gainera, Berastegiko Udalarekin egin bezala, Zeraingo Udalak UEMAn sartzeko hartutako erabakiaren aurkako helegitea ere jarri du Espainiako Gobernuaren ordezkariak.

Maren Belastegi Uemako lehendakariak esan du "oso larria" dela helegiteen ondorioz udalek bizi duten egoera, "euskararen ofizialtasuna bera ari delako zalantzan ipintzen. Helegiteon bitartez, esaten ari zaizkigu euskarak, erdara ere erabili ezean, ez duela balio ofizialik administrazio arteko harremanetarako. Eta kontua da, gaur egungo euskararen legea oinarri hartuta, ez daukagula epaitegiek arrazoia emango diguten ziurtasunik”.

Belastegiren ustez, egoera honi aurre egiteko, "behar beharrezkoa da bat eginda erantzutea”, eta horretarako esan du "ez dela nahiko helegiteak jaso dituzten udalei babesa" adieraztea. Euskaldunen eskubideak "juridikoki" babestuko dituen moduak bilatu behar direla dio Uemako lehendakariak, "baita horretarako, EAEko euskararen legea bera egokitu behar bada ere". 

Amaitzeko, esan du "ez dela onargarria" 2015. urtean euskaraz aritzeagatik epaitegietara joan behar izatea. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!