Udalen euskara erabilera dela eta, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Carlos Urkijok, salaketa ugari jarri ditu orain arte. Oraingoan beste sei udalerriren kontra egin du, tartean Aduna. Salaketa aktak euskara hutsean bidaltzeagatik jarri die. Beste bost udalak Arama, Altzaga, Antzuola, Bergara eta Itsasondo dira. Seiak Uemako udalak dira.
Uemaren arabera, "behar beharrezkoa da euskararen aurkako eraso hauek lehenbailehen gelditzea. Izan ere, euskararen normalizaziorako lana baldintzatu eta oztopatzen dute.” Uemak eman dio Eusko Jaurlaritzari helegiteen berri, eta hain justu, helegite hauen aurrean hartu beharreko jokabidea zehazteko bilduko da, bihar, HAKOBA ( Herri Aginteen arteko Koordinaziorako Batzordea).
Eusko Jaurlaritzak babesa agertu die hizkuntza irizpideak direla eta errekerimendu eta helegiteak jaso dituzten udalei. Baina Uemak azaldu duenez, babes horrek praktikan ez du inolako eraginik eta helegiteak bata bestearen gainean pilatzen ari dira. Gauzak horrela, kezka nagusitzen ari da bai UEMAn, eta baita, udaleko ordezkarien artean ere.
Maren Belastegi UEMAko lehendakariak adierazi duenez, "Uema eta udalak beren kabuz ari dira euskararen aurkako eraso hauen nolabaiteko defentsa egiten. Baina, kontutan hartu behar da udal horietako asko oso txikiak direla eta ez dutela epaitegietako gastuei aurre egiteko baliabiderik". Eskakizun eta helegiteak direla eta, hainbat udalek atzerapausoak eman dituzte. Belastegiren esanetan "euskararen sustatzeko urratsak ematen ari diren udalak praktikan babesik gabe" aurkitzen dira.
Atariak Josu Amilibia Adunako alkatearekin hitz egin du